Toni Bou munduko Trial txapelduna Michelin fabrikan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 20a, 14:26
Trialeko munduko txapelduna da egun Toni Bou (Bartzelona, 1986). Hark irabazi ditu munduko txapelketa gehien, 18 denera (9 aire librean eta 9 indoor). Gaurkoan ez du konpetitu, baina erakustaldi ederra eman du Lasarte-Oriako Michelin fabrikan, bertako langile eta zuzendaritzako kideen aurrean.

Michelin fabrikako langileek bisita ezin bereziagoa jaso dute gaurkoan: Toni Bou munduko Trial txapeldunarena. Marka horretako gurpilak erabiltzen ditu haren motorrean, eta ez zaio gaizki joan, denera 18 txapelketa irabazi baititu (9 aire librean eta 9 indoor). Gaurkoan ez du konpetitu, baina erakustaldi paregabea eskaini du herriko fabrikako zirkuitu inprobisatuan.

Enbor eta edukiontzi batzuekin prestatu dute zirkuitua Michelingo kideek. Bouk motorrarekin duen trebezia erakutsi du, langile, zuzendaritzako kide eta hedabideen txalo artean. Era guztietako akrobaziak burutu ditu Herrialde Katalanetako gidari abilak, ikusleak txundituta utziz. Michelingo 'Bibendum' maskota ezagunaren gainetik jauzi egitera ere ausartu da Bou. 

Motorretik jaistean gidariak eskerrak eman dizkie fabrikako kideei, bertara bisita egiteko aukera emateagatik. Era berean, egunero-egunero bertan egiten den lana goraipatu du munduko txapeldunak.

Erakustaldiaren ostean, fabrikako kideek familia argazki erraldoia atera dute gidariarekin batera. Gero, banan bana edo taldetxotan ere beste hainbat argazki atera dituzte Bourekin.

18 aldiz txapeldun

Toni Bou gidari kataluniarraren kurrikuluma ez da nolanahikoa. 29 urte besterik ez ditu, baina jadanik 18 munduko txapelketa irabazi ditu, 9 aire librean eta beste 9 indoor modalitatean. 2007tik hona irabazi ditu denak, erreskan. Horrez gain, Espainiako 11 txapelketa (6 aire librean eta 5 indoor), Nazioen 15 txapelketa eta Europako beste bat irabazi ditu.

Urteotan guztietan emandako maila eta irabazitako titulu guztiak direla-eta, Kirol Merituaren urrezko domina jaso zuen 2013an.