Emakumeen Lurralde mailako taldea igoera fasea jokatzeko sailkatzeko lehian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 20a

Azken urteetako denboraldi onena burutzen ari dira Ostadar SKTko emakumezko erregionalak. Sailkapeneko bigarren postuan daude sailkatuta 16 punturekin, Euskal Ligara igotzeko faserako sailkatzeko lehia betean.

Emakumezkoen Lurralde mailako taldeko jokalariak denboraldi bikaina burutzen ari dira. Bigarrenak dira uneotan sailkapenean 16 punturekin. Partidu oso garrantzitsua jokatuko dute igandean hirugarren sailkatu Tolosaren aurka. Ostadarrek baino puntu bat gutxiago besterik ez dute tolosarrek. Usabalgo zelaian jokatuko dute, 12:00etan hasita.

Zortzi jardunaldi jokatu ditu orain arte herriko taldeak: bost irabazi ditu, bakarra berdindu eta bi galdu. 17 gol sartu ditu eta 13 jaso. 

Euskal Liga zerumugan

Julen Ormazabal eta Iker Artetxek entrenatutako neskak Euskal Ligara igotzea ahalbidetzen duen fasea jokatzeko lehia betean ari dira. Ormazabalek nabarmendu duenez, multzo bakoitzeko lehen hiru taldeak sailkatuko dira, eta baita laugarren sailkatuen arteko onena ere. Dena dela, ez dago erabat ziur, irizpide horiek aldatu egiten baitira denboraldiz denboraldi.

Ormazabalek aipatutako irizpide horri jarraiki, sailkatuta legoke herriko taldea, laugarren sailkatu Oriokok baino 8 puntu gehiago baititu jokatzeko bi partidu falta direnean. Dena dela, oraindik erabat ziur ez daudenez, hiru puntuen bila aterako da Ostadar Usabalgo zelaira. Joanekoan 3-2 irabazi zuten herrikoek.