Emozioak Jalguneren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 19a, 20:36
Abenduaren 3a urritasuna duten pertsonen eguna da. Lasarte-Orian bada egun hau ederki ospatzen duen talde saltsero bat, Jalgune elkartea. Horretarako, jaialdi paregabe antolatzen dute eta urtero aho zabalik uzten dute bat baino gehiago. Aurten azaroaren 28an, 18:00etan izango da hitzordua Manuel Lekuona kultur etxean.

Gaur arratsaldean, Jalguneko lagunek eta udal ordezkariek, Jesus Zaballos alkateak eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako batzordeko lehendakariak, aurtengo jaialdia aurkeztu dute. 'Elkar sentitu ta emozioak handitu' jaialdia bederatzigarrena izango da. 

Aurtengo leloak dioen moduan, emozioak izango dira gai nagusia.

Idoia Ayesa eta Tamara Ramos Jalguneko begiraleek azaldu dutenez, “emozioek gure sentimenduak adierazten laguntzen digute, sozialki komunikatzeko dugun kode bat da, eta aldi berean gizartearen parte sentitzen laguntzen digu”, aipatu dute.

Emozioak modu ezberdinetan interpretatu edo bizi daitezke eta honek esanahi anitzak izan ditzake. Jalguneko gazteek agerraldian horren adibideak eskaini dituzte. Esate baterako, Idoia haserretzen da bakarrik dagoenean; Joserra pozten da kafesnea goraino jartzen diotenean edo Kontxiri Joserrak berak ematen dio bizipoza!

Egitaraua

Manuel Lekuona kultur etxeko inguruetan arratsaldeko 18:00etatik aurrera jai giroa izango da nagusi, Oaintxe in deu! txarangari esker.

18:30ean hasiko da jaialdia. Honetan gazte, guraso eta begiraleek haien emozioak aterako dituzte argitara esketxetan, baina ikusleei ere  emozio ugari sentiaraziko dizkiete. 

Antzerkitxo hauetaz gain, Semblante Rociero koruaren laguntza ere izango dute jailadian eta hauen doinuez ere gozatu ahalko da.

Erakusketa eta boligrafoak

Horrez gain, agerraldian azaldu dutenez, abenduaren 3tik 18ra argazki erakusketa antolatu dute Antonio Mercero erakusketa gelan. 

Eta bai jaialdian baita erakusketan ere, Dravet sindromearen fundazioaren ekimenarekin bat eginez, erabilitako boligrafoak, errotulagailuak, barrako pegamentua, portaminasak edota fluoreszenteak jasoko dituzte. 

Jasotako materialak sindromearen ikerkuntza aurrera eramateko funtsak lortzen lagunduko du.
Jalguneko gazte, senide eta begiraleek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte jaialdira, “gure emozioak senti ditzazuen eta guk zuek sentitu zaitzategun, hau da, emozioak elkarbanatu ditzagun!”, baita boligrafo bilketan parte hartzera ere.

Entsegatzen jarri dira Jalguneko kideak aurkezpena amaitutakoan, 28ko jaialdia primeran atera dadin.