Buruntzaldea IKTko gaztetxoenek saio bikainak burutu zituzten Tolosan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 19a

Herriko igeriketa taldeko 40 benjamin eta 23 alebin aritu ziren igerian Tolosako Usabal kiroldegian pasa den larunbatean. Hainbat estilo eta distantziatako proba burutu zituzten; gustura dira prestatzaileak txikienek igerilekuan erakutsitakoarekin.

Benjaminek KZL eta Test 1go jardunaldian hartu zuten parte, estilo askotako probak burutuz: bizkarra, bularra, erreleboak, librea... Emaitzak baino, araudia behar bezala betetzea eta igerian teknika egokia erabiltzea baloratzen dituzte taldeko prestatzaileek, eta gustura geratu ziren arlo horri dagokionean, 2007an jaiotakoekin batez ere, euren lehenengo konpetizio asteburua baitzen: Urduri zeuden gaztetxoak normala den bezala, baina horrek ez zien eragotzi euren onena eman eta egin beharrekoa ondo baino hobeto burutzea.

Alebinen Liga

Alebinek ligako bigarren jardunaldi paregabea osatu zuten. 2002 eta 2004 urte bitartean jaiotako neska-mutilak aritu ziren igerilekuan, maila benetan txukuna emanez. 200 bizkar proba izan zen gaztetxoek burutu beharretako probetako bat. 2003an jaiotako neska zein mutilek lortu zituzten emaitza onenak: Leire Martin eta Unai G. Somovilla nagusi izan ziren, eta nesken podioa Ainhoa Martin eta Paula Sevillanok osatu zuten. 2002an jaiotakoen artean, Lander Sorozabal bigarren izan zen, baita 2004an jaiotako Joane Arzalluz ere. 

100 bularrekoari dagokionez, aurreko proban erdietsitako emaitzak errepikatu zituzten Leire Martinek eta Unai G. Somovillak. Ainhoa Martin hirugarrena izan zen. 2004an jaiotakoen kategorian, Joane Arzalluzek hirugarren postua lortu zuen. Azkenik, larunbateko jardunaldiari amaiera ezin hobea emateko, 8x50 erreleboan aritu ziren alebinak, eta proba irabaztea lortu zuten. 

"Oraindik asko dute ikasteko, baina bide bikaina daramate gure alebinek", aipatu dute Buruntzaldea IKTko entrenatzaileek.