Bozeramaile Jon Martinek adierazi du Zubietan kokatuko duten erraustegia ez dela beharrezkoa eta "frogatua" geratu dela. Izan ere, LABeko kideen ustez, pertsonen osasunerako kaltegarria ez den kudeaketa merkeagoa eta ingurunearekiko jasangarriagoa egin liteke.
Larunbatean Okendo plazatik aterako den manifestaziorekin bat egiten dutela azaldu eta bertara joateko deialdia luzatu dute.
EAJren eta PSEren jarreraren kontra
Gipuzkoako Foru Aldundia gidatzen duten alderdien kontra agertu dira Lasarte-Oriako eta Usurbilgo LABeko kideak. Azpimarratu dute proiektua berreskuratzeak "sekulako gain kostua" izango duela, berriro ere "neurriz kanpoko proiektuen garaira bueltatuz". Halaber, gizarte politiketan murrizketak egiten diren bitartean, "enpresa handien eta erakunde finatzieroen mesede" diren politikak bultzatzea salatu dute.
Lasarte-Orian azaroaren 10ean egin zen Udal plenoa ekarri dute gogora. Zehazki EAJko zinegotzi Jon Antxordokiren hitzak. Martinek nabarmendu du "lotsagarria" iruditzen zaiela "errauskailuaren eragina Donostiako su festek dutenarekin alderatzea".
Herritarren hitza errespetatzeko eskatu diote Aldundiari. Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Udal batzarrek Zubietako proiektuaren aurka egin dutenez, LAB sindikatuaren ustez "inposaketa baten aurrean gaude".
Proiektua Zubietan ez ezik, beste inon ere nahi ez dutela garbi utzi dute: "Burua ondo duenak ez du etxe ondoan nahi, eta bihotz ona duenak besteen etxe ondoan ere ez du nahi"