Festa elektroniko arrakastatsua Elebeltzen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 16a

Asteburuko ajea erabat pasa arte itxaron beharko dute, baina ez litzateke harritzekoa izango antolatzaileak Elektronika Festibalaren II. edizioa lehenbailehen antolatzen hastea, lehenengoak eduki duen arrakasta izugarria ikusita.

Oso harrera ona izan zuen zaleen artean elektronika festibalak. Aurreko astetik sumatzen zen hori, herriko hainbat taberna eta komertziotan salgai zeuden sarrerak ia erabat agortu baitziren, antolatzaileek jakinarazi zutenez.

Larunbat arratsaldeko bostetan berretsi zuten sentsazio hori, jendetza bildu baitzen Okendo plazan Rezibatukadako kideekin batera herrian zehar poteoa egin eta Elebeltzera abiatzeko.
Behin hara iritsita, etengabeko festa. Arratsaldeko seietatik atzo goizeko zortziak arte musika elektronikoa eta giro ona izan ziren protagonista. Gauean zehar hainbat herritar gerturatu ziren Kotxeras auzora, jaialdiaz gozatzera. 

Ruben Rubio, Paolo Solo, Furonia, M_Nu, Julen-K eta Txoni artistek dantzan jarri zituzten Elebeltzera gerturatutakoak, atsedena hartzeko astirik eman gabe apenas.
Gau osoan zehar giro aparta egon zen Elebeltz topagunean; lagun gutxiren arteko topaketa izan behar zuena jaialdi erraldoi bilakatu zen.