Azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela baliatuz, erakusketak, antzerkiak eta beste ekintza batzuk egingo dira. Egungo gizarteak duen arazo larrienetakoa dela azpimarratu du alkate Jesus Maria Zaballosek. Eta, beraz, “erakundeen betebeharra” dela sexu indarkeriaren aurka borrokatzea.
Puntu morea
Ekitaldi nagusia azaroaren 25ean egingo dute Okendo plazan. Arratsaldeko 17:30etan, bertaratutakoen artean puzgarri moreak banatuko dituzte eta denen artean puntu erraldoia osatuko da. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek. Izan ere, ekintza jendetsua izanez gero, hunkipen efektu handiagoa edukiko du.
Lau eta bost urteko umeentzat Pello Añorgak ipuin kontaketa egingo du Manuel Lekuona kultur etxean, arratsaldeko 18:00tan.
Diruaren sexu izkutua
Emakumearen eta diruaren arteko elkarreragina islatzen duen erakusketa ikusi ahal izango da bihartik aurrera eta azaroaren 26ra arte Antonio Mercero erakusketa aretoan. Inaugurazioan “Larre Motzean” dokumentala eskainiko dute arratsaldeko 18:00tan Haurralde fundazioak dinamizatuta.
‘Diruaren sexu izkutua’ erakusketak, historian zehar, emakumeari “diru txikiaren” ardura eman zaiola erakutsi nahi du. eta gizonezkoari, berriz, “diru handiarena”. Astegunetan 17:30etatik 19:30etara bisitatu ahal izango da eta asteburuetan 12:00tatik 13:30etara eta 17:30etatik 19:30etara.
Beldur Barik
Azaroaren 20an Lasarte-Oriako Beldur Barik bideo lehiaketako sari banaketa egingo da. Aurkeztu diren bi lanak erakutsi ondoren sarituak jakitera emango dira arratsaldeko 19:00tan Manuel Lekuona kultur etxean.
Antzerki emanaldia
Ekintza multzoari amaiera emateko, azaroaren 27an ‘9 mosaiko infinitu’ antzerkia eskainiko dute kultur etxean. Makelur sexuen arteko bizikidetzarako emakume zentroko interpretazio taldeak eskainiko du emanaldia. 19:30tan izango da eta sarrerak hiru euroko kostua izango du.
Beldurra galtzea
Herritar guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek. Izan ere, kontzientzia hartzearen garrantzia nabarmendu dute eta, horretarako, gaitza “ikusaraztea beharrezkoa dela”. Indarkeriari aurre eginez, gizarteak beldurra galdu behar duela aipatu du alkateak.
Instituzioek paper handiagoa joka dezaketela uste du Zaballosek. Beste gai batzuetan egin den bezala, emakumearen aurkako indarkeriarekin ere, Estatu mailako hitzarmena lortu beharko litzatekeela azaldu du.