Arrakastatsua. Hitz horrekin definitu daiteke atzoko kulturarteko bazkaria. Burunzpe Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko guraso elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu dute elkarlanean; deialdia herri osoari ireki eta Michelingo pilotalekuan egin dute aurten. Ehun jatun baino gehiago elkartu ziren egitasmoan parte hartu zuten 60 familien jaki goxoak dastatzeko.
Ordubata inguruan hasi ziren etortzen familiak, horretarako bereziki jarritako mahaian haiek prestatutako jakiak uzteko. Denetik ikus eta dasta zitekeen atzokoan. Euskal Herri inguruan ohikoak diren piper beteak, legatza piperrekin edo txakoli erara, zezen isats eta patata purez egindako tartaletak... Espainiako zenbait probintziatako platerak ere ekarri zituzten, Galiziako hegaluze enpanada, Salamancako 'Limón Serrano' delakoa edota Badajozeko enpanada eta kroketa gozoak.
Horiez gain, hainbat plater exotiko ere dastatu ahal izan zituzten herritarrek eta baita kazetariek ere. Esaterako, Marokoko Harira zopa, Ramadan garaian jaten dutena. Haragiz eta garbantzuz dago egina, eta eztizko pestiño batzuekin batera jaten dute hilabete horretan, eguzkia atera edo ezkutatu ostean. Mendebaldeko Saharako familia batek cuscus goxoa prestatu zuen, arkume-haragiz eta saltsaz hornitutakoa. Jaki hori dastatu ostean te berde beroa ere eskaini zieten jatunei. Boliviako beste batek mani zopa famatua ekarri zuen pilotalekura, haragiz, pastaz eta patataz eginikoa. Ausartenek saltsa pikante gorri bat ere bota zioten. Dominikar Errepublikatik arrozarekin egindako plater bat eta oilaskoarekin egindako beste bat ekarri zituzten, Ukraniatik bertako postre ezagun bat, azenario bizkotxoak Txiletik... Denetarik eduki zuten aukeran pilotalekura bertaratutakoek. Goxoak ziren benetan familiek ekarritako jakiak, eta aipatzekoa uneoro erakutsi zuten eskuzabaltasuna euren platerak eskaintzerakoan.
Kulturen elkarbizitzaren garrantzia
Bazkarira eramandako plater denak aurkeztu ostean eta dastatzen hasi baino lehen, Burunzpe elkarteko zenbait kidek ekitaldia aurkeztu zuten. Besteak beste, kulturartekotasuna izan dute hizpide: "Humanismo sozialaren ikuspegitik, elkarbizitza baketsua sustatzen du kulturartekotasunak, aurreiritzi arrazistak ezabatu eta tolerantzian oinarritutako kultura partekatzea sustatuz", nabarmendu dute. "Kultura bakoitzak beste denak ulertzea eta haiengandik ikastea sustatu behar dugu gaur egungo gizartean, eta batez ere gure seme-alabak hazterakoan". Era berean, bertaratutako guztiei eta antolatzaileei eskerrak eman zizkieten ekitaldian parte hartzeagatik.
Horren ostean, Lasarte-Oriako Kultur Elkarte Islamikoko lehendakari Muhammed Ezzakik hartu zuen hitza, Parisen ostiral gauean Estatu Islamikoak gauzatutako atentatuak gaitzesteko. Nabarmendu du "mundu osoko musulman biztanleak egindako atentatuen aurka" daudela. Minutu bateko isilunea gorde zuten denek biktimen omenez.
Aurkezpena bukatu denean, jatun denak ibili ziren mahaiaren bueltan, kultura desberdinetako jakiak dastatuz. Antolatzaileek nabarmendu zuten ez dutela ezer bota behar izan zakarretara; oso gustura dira bazkariak herritarren artean izan duen harrerarekin.
Arratsaldeko ekitaldiak
Bapo bazkaldu eta digestioa egin ostean, gorputza dantzan jarri zuen bat baino gehiagok Katherin Apoloren kunbia saioan edota haur zein helduentzako karaokean. Bien bitartean, gaztetxoenek primeran pasa dute Lekim animazioko kideen emanaldiarekin.
Bazkariak utzi zituen zenbait irudi bildu ditu Txintxarrik argazki galeria honetan.