Irabaztea. Hori zen Ostadar SKTko Errendimenduko juniorrek atzokoan zuten helburu nagusi eta (ia) bakarra. Bi partidu erreskan galtzetik zetozen Ander Otaegik zuzendutako jokalariak, dinamika negatibo hori hautsi beharrean. Atzoko aurkari Ursa Orio berriz, bolada ezin hobean etorri zen kiroldegira, azkeneko hiru norgehiagokak irabazita. Gogotik izerditu behar izan zuen etxeko taldeak bi puntuak poltsikoratzeko, baina bete zuten xedea azkenean, berriro ere garaipenaren bidera bueltatuz.
Partidua hasi aurretik azken jarraibideak eman zizkien jokalariei Ander Otaegi entrenatzaileak; irabaztearen garrantzia izan zen gehien errepikatu zuen ideia. Partiduko atsedenaldi guztietan ere ekarri zuen gogora, atzo bi puntuak poltsikoratzeak zuen garrantziaren jakitun. Garaipen guztiak dira inportanteak noski, baina atzokoa apur bat gehiago: bolada txarra hautsi zuten Errendimenduko junior neskek, eta sailkapeneko bigarren postua mantendu zuten, datorren Euskal Ligan jokatzeko igoera fasean aritzeko txartela ematen duena.
Garaipenaren bila kantxaratu ziren bi taldeak hasieratik. Erritmo bizikoak izan ziren lehen bi laurdenak. Biziegiak, akaso: Arerioaren saski ingurura azkarregi iritsi nahi denean areagotu egiten da hutsak egiteko arriskua, eta hala gertatu zen atzokoan. Etxekoek egin zituzten jokaldi on batzuk, baina beste eraso askotan ez zituzten paseak behar bezala egin eta galdu zituzten zenbait baloi, nahiz eta oriotarrak ez ziren batere fin ibili baloia saskian sartzerako garaian.
Dena dela, etxekoek 7 puntuko aldea lortu zuten lehen laurdena amaitzean, eta atsedenaldira 23-15 markagailuarekin joan ziren. Alde hori izan zitekeen nabarmen handiagoa, baina etxekoak ez ziren batere fin ibili jaurtiketa libreetan.
Azken jardunaldietako mamuak kantxan
Ostadarreko neskek soberan erakutsi dute azken denboraldietan zertarako diren gai, Gipuzkoako txapeldun izan baitira kadete zein junior mailatan. Hori kontuan hartuta, hirugarren laurdena hasterakoan bazirudien garaipenak ez ziela ihes egingo, zortzi puntuko aldea baliatuko zutela bi puntuak poltsikoratzeko. Dinamika negatiboan sartuta daudenean ordea, talderik onenek ere majo sufritu behar izaten dute partiduak aurrera ateratzeko, nahikoa baita laurdenari behar bezain ondo ez ekitea azken jardunaldietako mamuak azaltzeko kantxan.
Hori gertatu zitzaion etxeko taldeari atzo, eta aurreko bi laurdenetan lortutako aldea berehala murriztu zuen Ursa Oriok, eta bete-betean sartu zen norgehiagokan berriro ere. Are gehiago, markagailua iraultzea lortu zuten kostakoek.
Horrela ekin zioten bi taldeek laurden erabakigarriari. Orduan atera zuen Ostadarrek barruan daraman garaile sena, eta denek batera gogor lan eginez hiru puntuko aldea lortu zuten. Orduan etorri zen balantza desorekatu zuen unea. Oriotarren jokalari onenak, 13 zenbakidunak, bosgarren falta egin eta aulkian eseri behar izan zuen derrigorrez. "Une horretatik aurrera falta pertsonalak egiten hasi zen etengabe kanpoko taldea, eta partidua 3 jokalarirekin amaitu zuten", azaldu du Ander Otaegi entrenatzaileak. Azkenean, 46-40 hartu zuten mendean Ursa Orio taldea, eta urrezko bi puntuak etxean utzi. "Ez dugu gure partidu onena jokatu, baina helburua irabaztea zen eta lortu dugu, hori da garrantzitsuena", adierazi du Otaegik, pozik.