Lasarte-Oria, akordeoiaren hiriburu

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 14a, 22:07
Gaur arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxera gerturatu diren ikusleek gogotik gozatu dute Zero Settek antolatutako XII. Akordeoi jaialdian. Luxuzkoak izan dira artista gonbidatuak, eta maila berekoak eskaini dituzten emanaldiak ere. Emanaldi amaieran denak batu dira oholtza gainean; Donostia 2016 kultur hiriburuko abestia jo dute.

Lasarte-Oria akordeoiaren hiriburu izan da gaurkoan. Instrumentu hori ardatz duen jaialdia antolatzen du herriko Zero Sette taldeak urtero; XII. edizioa izan da aurtengoa. 

Ohi bezala, artista gonbidatuak luxuzkoak izan dira, eta maila berekoak Manuel Lekuona kultur etxean eskaini dituzten emanaldiak ere. Ekitaldira joan dira herritar eta zaleek gogotik gozatu dute bi ordu inguruz. Musika emanaldiekin hasi aurretik, Jesus Zaballos alkateak Parisko atentatuak gaitzesten dituen ohar instituzionala irakurri du, eta Manuel Lekuona kultur etxeko auditoriora joandako denek minutu bateko isilunea egin dute biktimen omenez.

Lasarte-Oriatik 80. hamarkadako Paris erromantikora garraiatu ditu ikusleak Eric Bouvelle akordeoijole frantziarrak. 50 obra baino gehiago konposatu ditu artistak bere ibilbide oparoan; horietako hainbat taularatu ditu gaur. 1988an Munduko Kopa irabazi zuen, 16 urte besterik ez zituela. Etorkizun oparoa zuela erakutsi zuen Bouvellek, eta berretsi egin du hori urteen poderioz.

Zur eta lur utzi ditu Bouvellek ikusleak; txalo zaparrada ozen eta luzeekin saritu dute ikusleek artista frantsesak akordeoiarekin erakutsitako abilezia. Orkestrarekin batera atera da taula gainera eta ordu eta laurden inguruz sekulako erakustaldia eman du; Parisko atzoko atentatuetako biktima eta familiek omenaldi ederra jaso dute. Emanaldiaren bigarren zatia Sandra Bouvelle emazteak ere hartu du parte, musikari ahotsa jarriz. 

16 urte ez, 17 ditu Mirari Etxeberria biolinista donostiarrak, eta hark ere berretsi zuen zeresan handia emango duela datozen urteetan. 'Dantza makabroa' pieza interpretatu zuen, Donostiako Musika Eskolako dantzari eta Zero Sette akordeoi taldearekin. 

Azken horiek ere ekarri dute kultur etxeko oholtzara euren errepertorioa, obra klasikoak eta garaikideak uztartzen dituena. Jose Manuel Crespo zuzendariaren gidaritzapean, emanaldi paregabea eskaini du herriko taldeak.

Donostia 2016

Jaialdian zehar aritutako artista denak taula gainean elkartu eta 'Musikatu bizitza' izeneko abestia interpretatu dute denek elkarrekin, Donostia 2016 Kultur Hiribururako bereziki konposatutakoa hain zuzen ere, amaiera fresko eta berezia emanez jaialdiari.

Donostia izango da kultur hiriburua datorren urtean, baina akordeoiarena Lasarte-Oria izan da gaur.