Baserritik herritarren etxeetara

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 14a, 17:00

Herritarrek aukera bikaina izan dute gaur goizean zehar baserriko produktuak erosi eta etxera eramateko, eta ez dute alferrik pasatzen utzi. 10:00etatik 14:00etara egon dira zabalik hainbat herritatik etorritako 12 postu, eta ez diote lan egiteari utzi, eguerdi partetik aurrera batez ere, jendetza ibili baita Okendo plazan bueltaka.

Baserritik Okendo plazara, eta plazatik herritarren etxeetara. Erosketak egiteko modu zuzen eta sinple horrek indarra galdu du azken urteotan. Berriro indar apur bat hartzeko egiten dira gaurko III. Baserri azokaren gisako ekimenak. 

Herritarrek asko estimatzen dituzte baserritik zuzenean datozen produktuak eta ez dute hutsik egin larunbat goizean zehar, azokako postuetatik bueltaka ibili baitira saltzaileek eskainitakoa ikusten eta erosten. Atseden gutxi hartu dute saltzaileeek larunbatean azokan, eguerdi partetik aurrera batez ere. Okendo plazara hurbildutako herritar gutxi bueltatu dira esku-hutsik etxera, salmenta ongi joan denaren seinale.

Produktu eskaintza zabala

Denetik saldu dute baserritarrek larunbatean: txerrikiak, behi-esnekiak, eskuz egindako pastak, baserriko ogia, Idiazabal gazta, ahate-haragia, Tolosako babarrunak, baserriko jogurtak... Eta baita jatekoak ez diren beste hainbat produktu ere: kremak eta ukenduak, landareak, sustraiak, eta abar. 

Gaztetxoenek ere ez dute aspertzeko aitzakiarik izan, azoka egin bitartean jolastoki antzeko bat jarri baitu Udalak. Horrela, guraso eta ahaideek erosketak egin bitartean primeran pasa dute haurrek, hainbat joko eginez. Bien bitartean, Ttirriki-Tarraka taldeko kideek plaza girotu dute goiz osoan zehar trikitixa eta panderoa joz.