"Realeko jokalariei nik gaur dastatutako pintxoak emanez gero, entrenatzailerik gabe ere ongi jokatuko lukete", adierazi du Martin Berasategik III. Pintxo Ibilbidearen aurkezpenean, ekitaldiari umore ukitua emanez. "Maila handia dago herrian, zaila egin zait onena aukeratzea", gaineratu du. Realeko jokalari, herritar eta pintxo goxoak dastatu nahi dituen orok azaroko azken asteburuan edukiko du aukera jaki horiek dastatzeko. Azaroaren 27an (ostirala) 19:00etatik 21:00etara, eguerdian zehar eta 19:00etatik 21:00etara 28an eta eguerdian zehar 29an.
Arkupe, Buenetxea, Izurde, Yolanda, Trumoi, Avenida, Sancho, Lasarte, Viña del mar, Guria eta Ilargi tabernek hartuko dute parte aurtengo edizioan. Pintxoek 2 euro balioko dute, eta jatekoarekin batera edaten dena aparte kobratuko dela jakinarazi dute antolatzaileek. "Ostalaritza dinamizatzea ezinbestekoa da herriarentzat, eta arrazoi horregatik antolatzen ditugu gisa honetako ekintzak. Era berean, aitortu nahi dugu urtean zehar ostalariok egiten duzuen lan guztia; aurtengoan 11 tabernak hartuko duzue parte, espero dezagun datozen urteetan gora egitea kopuru horrek", adierazi du Jesus Zaballos alkateak.
Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak azaldu ditu egitasmoaren oinarriak: "Eskuorri bat emango zaie bezeroei; horretan puntuatu beharko dituzte pintxoak. Taberna bakoitzak zigilua jarriko du herritarren eskuorrietan, eta behin zigilu denak bildutakoan parte hartu ahalko dute 100 euroko zozketan".
'Martin Berasategi' saria
Gaurko aurkezpen ekitaldira gonbidatu berezi bat eraman dute antolatzaileek: Martin Berasategi sukaldaria. Ormazabalek eskerrak eman dizkio ekitaldira gerturatzeagatik, eta baita pintxo ibilbidea antolatzeko "emandako laguntza guztiagatik eta lehen unetik erakutsitako prestutasunagatik". Aterpeako lehendakariak jakinarazi du 'Martin Berasategi' saria ere egongo dela aurtengo edizioan. Sukaldariak ibilbideko 11 pintxoak dastatu ditu gaur, eta horien artean onena aukeratu ere bai. Erabakiaren berri ez du emango pintxo ibilbidea amaitu arte.
Berasategik nabarmendu du "oso altua" dela herriko sukaldaritzaren maila, eta zaila izan dela berarentzat sariaren irabazlea zein izango den erabakitzea. Era berean, adierazi du "prest" dagoela gisa horretako egitasmo guztietan laguntzeko: "Nire atea jo besterik ez duzue, edozertan laguntzeko prest bainago. Denok elkarrekin egin behar dugu lan, Euskal Herrian bizi dugun garai gastronomiko historikoa baliatuz". Azkenaldian ezagun bilakatu duen espresioa ere erabili du sukaldariak gaurkoan: "Garrote ikaragarria du Lasarte-Oriak, sukaldari bikainak ditugu hemen".
'Lasarte-Oria herri gastronomikoa'
III. Pintxo Ibilbidea aurkeztearekin batera beste egitasmo baten berri eman du gaurkoan Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek: "Urte historikoa izango da 2016a: Donostia Kultur Hiriburu izango da eta Hipodromoak 100 urte beteko ditu. Horren harira, pentsatu dugu Lasarte-Oria 2016ko herri gastronomikoa izendatzea, herriko ostalarien eta Martinen laguntzarekin".
Proiektu horri forma eman behar zaio oraindik, baina Berasategik azpimarratu du "behar den guztia" egingo duela egitasmo hori prestatzen laguntzeko. Ekitaldiaren amaieran argazkia atera dute herriko ostalariek, Martin Berasategik berak eta udal ordezkariek.