Musika elektronikoaz gozatzeko parada izango da bihar Elebeltz Topagunean. Lasarte-Oriako eta inguruetako zenbait DJ arituko dira bertaratutakoentzako doinu dantzagarriak nahasten.
Gau luzea
Jaialdiak luzerako joko duela argi dirudi. Arratsaldeko 18:00tan emango zaio hasiera eta goizeko zortziak arte luzatuko da.
Sei DJ izango dira giroa berotzeko ardura bere gain hartuko dutenak. Paolo Solo, Furonia, Ruben Rubio, Julen K, Txoni eta M_Nu. Halaber, artista gonbidatu baten laguntza izango dute. Gehienbat, Deep House eta Nu Disco estiloak jorratuko dituzte. Hala ere, artista bakoitzak bere zigilua utziko du sesioetan.
Bost euroko sarrera ordaindu beharko da bertara sartzeko. Ondorengo tabernetan erosi ahal izango da: Elurtza, Siglo XX, Arkupe, Usoak, Ilargi eta Jalgi. Christian Estilistak ileapaindegian ere lor daitezke. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, komeni da bertaratuko direnak tiketak lehen bait lehen eskuratzea. Izan ere, lehen egunetan dezente saldu dira.
Poteo girotua hasteko
Erdigunetik Elebeltz Topagunerainoko bidea elkarrekin egiteko proposamena luzatu dute. Okendo plazan 17etatik aurrera hasiko da poteoa. Rezibatukadaren erritmo eta musikaren laguntzaz egingo dute ibilaldia. Gazte lasarteoriatarrez osatutako batukada taldeak material birziklatuekin egiten du lan.
Kurtso berria Elebeltzen
Indartsu hasi dute udazkena Elebeltz Topagunean. Sorkuntza tailerrak eta zinema martxan dira dagoeneko, eta kurtsoari hasiera berezia eman zioten urriaren 31ko Udazken Fest jaialdian. Bazkaria, karaokea eta kontzertuak egin zituzten.
Asteburu honetan ere, musika elektronikoarekin dantza egin nahi duen orok aukera ederra du esku artean.