Gipuzkoako 2. mailan jokatzen duen herriko areto-futbol taldeak denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu zuen Beran, Gure Txokoa taldearen kontra. Defentsan primeran aritu ziren Cecilia Ostadarrekoak, eta baita Josu Lopez atezaina ere, geldiketa bikainak eginez.
Lehenengo zatiko hamabosgarren minutuan hartu zuten aurrea herritarrek, Urtzik maisukiro jaurtitako falta bati esker. Horren ostean jokatu zituzten partiduko minutu onenak, baina atsedenaldira iritsi baino lehen 6 falta egin zituztenez aukera garbia izan zuten etxekoek berdinketa eskuratzeko, penalti bikoitz baten bitartez. Gure Txokoaren ilusioak zapuztu zituen ordea Josuk, jaurtiketa geratu baitzuen. Konfidantza eman zion horrek Cecilia Ostadarri, eta bigarren zatian Josek bi gol sartu zituen, garaipena bermatuz horrela. Jardunaldi honetan Gamon Aker taldearen kontra ariko dira herritarrak. Igandean jokatuko dute, kiroldegian, 9:30ean.
Nazional Ligako 3. mailako Ostadar Antonio Aroztegiak aldiz, galdu egin zuen Goierri KEren aurka, 7-3. Emaitzak baino sentsazio hobeak utzi dizkio taldeari larunbatean egindako jokoak, lehenengo zatikoak batez ere. Herritarrenak izan ziren aukera garbienak; horietako bat baliatu zuen Ander Pecharromanek 0-1ekoa jartzeko. Kategoria horretan garesti ordaintzen dira akatsak, defentsiboak batez ere, eta etxeko taldeak horietako bat baliatu zuen banakoa jartzeko markagailuan. Bigarren zatian 1-2koa sartu zuen Pecharromanek, baina beste akats bat egin zuten herritarrek eta 2-2koa eskuratu Goierrik. Kolpe latza izan zen hori Ostadar Antoniorentzat, eta konturatzerako 5-2 ari ziren galtzen. Iñigo Jakaren golari esker aldeak murriztu zituzten, baina kontraerasoan beste bi gol sartu zituzten etxekoek. Azkenean, 7-3koa izan zen emaitza; Goierrin geratu ziren hiru puntuak. Meatzari Petronorren bisita jasoko du Ostadar Antoniok larunbatean, arratsaldeko seietan. Kiroldegian neurtuko dituzte indarrak bi taldeek.
Gipuzkoako jubenil mailako Kafe Bar Ostadar taldeak ere ez zuen punturik zakuratzerik izan, 2-9 galdu baitzuen Intxaurrondoko Inter taldearen kontra. Kategoria ongi ezagutzen dute donostiarrek eta talde ona daukate; bi ezaugarri horiek baliatu zituzten herriko taldea garaitzeko. Horren harira, kontutan hartu behar da Lasarte Kafe Bar Ostadar taldeko jokalari gehienak aurten hasi direla areto-futbolean jokatzen eta asko dutela oraindik hobetzeko. Norabide horretan gogor ari dira lanean jokalari gazteak. Jardunaldiz jardunaldi erakusten dituen hobekuntza zantzu horiek Tolosan berretsi beharko ditu taldeak. Uzturpe frontoian jokatuko du larunbatean, 10:00etan, Samaniego Orixe taldearen aurka.