Zubietako gainean berriro ere erraustegi planta eraikitzeko asmoa agertu du Foru Aldundiak eta GHK eta bi mozio ezberdinengatik hondakinen kudeaketaren gaia, azaroko ohiko Udalbatzarreko gai nagusia izan zen.
Batetik EAJ eta PPk Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren aldeko mozioa aurkeztu zuten.
Mozioaren bidez, bi alderdiak zabortegien aurka agertu, errausketa plantak teknologikoki aurrerakoia izan eta arrastoa gutxiago izatea eskatu, Lasarte-Oriako Udalak bertako energia erabili hala izatea negoziatzea edo bilketa helburuak betetzen ez dituzten herriei isuna jartzea aurreikusten dute.
Proposamena aurrera atera zen PSE-EE, EAJ eta PPren aldeko bozkekin.
Jon Antxordoki EAJko zinegotziak erraustegien isurketen harira, Oviedoko unibertsitatearen eta Britainia Handiko osasun sailaren arabera, zigarroen keak edo su artifizialek ere kutsatzen dutela aipatu zuen.
PPko Alejandro Saenz-ek Austria edo Copenhagueko erraustegiak jarri zituen eredu eta bere ustez, eztabaida zein errausketa planta tipo nahi den izan behar duela azpimarratu zuen.
EH Bilduk mozioan erraustegi hitza agertzen ez dela eta balorazio energetikoa bakarrik aipatzen dela azpimarratu zuen. Erraustegiak hondakinak erretzean gasak, metal astunak, dioxinak eta furanoak isurtzen direla adierazi zuen eta hauen eragina, 10 km.-tara ere egiaztatu dela. Zabalgarbi erraustegia Euskal Herriko kutsadura zerrendetan bosgarren postuan dagoela ere aipatu zuten. Eta bateko edo besteko zabortegia beti egongo dela ere azpimarratu zuten, “atmosfera era zabortegi bilakatzen da”. Hondakin kopuruak betetzen ez dituzten herriei isuna jartzearen aurka ere agertu zen alderdi abertzalea, “Lasarte-Oriako datuak ikusi al dira? Isuna bikoitza izango litzateke”. Honekin guztiarekin irabazle nor ateratzen den argi esatea eskatu zuten.
Lasarte-Oriak Ahal du taldeak ere hizkuntzaren trataera azpimarratu zuen. Era berean, erraustegia amortizatzeko 25 urte beharko direla eta diru hori produktuak birziklagarri egitearen aldeko ikerketa eta garapenera bideratu ahal dela azpimarratu zuen. Honetaz gain, martxan dauden erraustegiak martxan jarraitzeko beste herrialdeetako zaborra behar dutela ere jakitera eman zuten.
Bestetik Aire Garbia plataformaren erraustegiaren aurkako mozioa jorratu behar zen. Baina PSE-EEk mozio alternatiboa eraman zuen batzarrera eta hau izan zen bozkatu eta PSE-EE, Lasarte-Oriak Ahal du eta EH Bilduren bozkekin onartu zena.
Era honetara, Udal Batzarra erraustegia Zubietako gainetan eraikitzearen aurka dagoela adierazten du, Udalak hondakinen kudeaketaren plan partzialari alegazioa jarriko diola zehazten da eta erabaki hau GHK, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari jakinaraziko zaiela aipatzen da.
EAJko zinegotziak errausketa planten datuak eskaini zituen, hala nola, trafikoa, etxeko berogailuak edo kremazioak baino gutxiago kutsatzen dutela adierazi zuen. Hainbat herrialdeetan hiri erdian daudela ere aipatu zuen.
Lasarte-Oriak Ahal hautesle taldeko Arkaitz Nayak Aire Garbia plataformaren mozioa bozkatzea nahiago zuela adierazi zuen. Gainera, PSE-EEren jarrera salatu zuen eta hau ‘not in my back yard’ bezala ezaguna dela adierazi zuen, hau da, berean ez dute nahi, baina besteen lurretan bai.
EH Bilduk ere PSE-EEren jarrera gaitzets zuen, “ez zaigu elegantea iruditu mozio alternatiboa aurkeztea”. Bi mozioetan bat datorrena garrantzitsua dela azpimarratu zuten. Gainera, PSE-EEri bihotza eta burua izatea eta bere alderdiak senatuan aurkeztu duen proiektuarekin koherente izatea eskatu zion.
PSE-EEk 2006 urtetik erraustegia Zubietan ez egotearen alde egiten ari dela eta bere hitza betetzen jarraituko duela jakitera eman zuen, “Lasarte-Oriako herritarrek horrela eskatu dutelako”. Eta EAJk 2006an alderdi guztiek onartutako gaitzespena alde batera utzi izana salatu zuen.
Indarkeria, FEMP eta Sahara
Baina lehenik beste hiru gai ere jorratu ziren.
Alkatetzaren proposamenez, Azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunari buruzko mozioa aztertu zen.
EUDEL-en testua oinarritutako mozioak indarkeria, sexismoa eta beste era batzuk alde batera utzi eta berdintasunaren alde egiteko eskatzen die herritarrei. Gainera, gazteei ere Beldur Barik kontzientziazio programetan parte hartzera deitzen die, hala nola, Beldur Barik programa.
Talde sozialistak Lasarte-Oriako Udala Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioan txertatzea proposatu zuen.
Bi bozketa egin ziren eta bietan PSE-EE eta PP egin zuten; EH Bilduk, EAJk eta Lasarte-Oriak Ahal duk berriz, aurka.
Alkateak ez zuen bere kalitatezko bozka erabili. Lasarte-Oriak ahal du taldearen eskaerari erantzunez, proposamena atzera bota zuen. Izan ere, ez baitzeuden batzar kide guztiak saioan, EAJko Estitxu Alkorta falta zen.
Hau guztiaz gain, Lasarte-Oriak Ahal du hautesle taldeak eskatuta Saharar errefuxiatu kanpamentuek jasan dituzten uholdeei buruzko urgentziazko mozioa landu zen.
Honetan kreditu aldaketaren bidez, Euskal Fondoari 5.000 euro ematea, NBEari giza eskubideak betearaztea eskatu eta airean dagoen autodeterminazio prozesua hastea eta Lasarte-Oria eta Oporrak bakean egitasmoko haur kopuru gehien duen wilayarekin senidetzea proposatzen da.
PPren abstentzioa izan ezik, beste alderdiek bat egin zuten honekin.
Galdera eta erreguak
Azkenik alderdi eta herritarren erregu eta galderen tartea izan ziren.
Honetan PPko zinegotziak euskaltegian dagoen galdetegi batean Euskal Herria jarri beharrean Euskadi jartzea eskatu zuen eta bestetik krosean presoen alde agertu ziren pankarta eta kartelak ikusita, egunean bertan ez kentzea salatu zuen modu umoretsuan.
Jesus Zaballos alkateak galdetegiaren gaia aztertuko dutela aipatu zuen eta kartelei dagokionez, garbiketa brigadak horrelako egoeretan guztia kentzeko agindua duela jakitera eman zuen, "gure kaleen garbitasuna, besteen adierazpen askatasunaren gainetik baitago".
Antxordokik EH Bildu eta Lasarte-Oriak Ahal du alderdiei erraustegiren batean egon diren eta haien etxea ondoan konpostaje planta jartzearen alde zeuden galdetu zien. Alkateak hori eztabaidatzeko bi mozio izan zituela adierazi zion eta herritarren tarteari eman zion hasiera.
Honetan, Aire Garbia taldeak bere atsekabea agertu zuen PSE-EEk izandako jarrerarekin eta haien balorazioaren berri emango zuela jakitera eman zuen
Juan Mari Alkortak eta beste herritar batzuk PSE-EEri bere jarrera azaltzeko eskatu zioten. Talde sozialista PIGRUGaren alde, baina errauste plantaren kokalekuaren aurka dagoela adierazi zuen Alkateak. "herritarrak kokalekuaren aurka daude eta horren aurka egingo dugu" errepikatu behar izan zuen behin baino gehiagotan.
Herritarren artean eztabaida ere sortu zen, baina alkateak hau moztu udalari erreguak eta galderak egiteko txanda zela azpimarratuaz.