Zazpi partidu eta zazpi garaipen. Babyauto Zarautz taldeak martxa bikaina hartu du denboraldi hasiera honetan, eta lider da sailkapenean; 33 puntu lortu ditu zazpi jardunalditan. Valladolideko El Salvador taldearen aurka neurtu zituen indarrak iragan larunbatean, eta joko erakustaldia emanez 10-45 irabazi zuen. David Vega herritarra hasieratik aritu zen, eta bigarren zatian zelairatu zituen entrenatzaileak Xabier eta Ander Rekondo anaiak.
Ohorezko B mailako taldearena ez da izan asteburuko norgehiagoka bakarra; 14, 16 eta 18 urtez azpiko ZRT-Beltzak taldeak ere aritu ziren Zarauzko Asti zelaian. Lehenengoek Iruñeko La Unica taldearen aurka jokatu zuten, eta 26-47. Joko ona erakutsi zuten bi taldeek, baina azkenean nafarrek erdietsi zuten garaipena.
16 urtez azpikoek berriz Donostiako Bera Beraren kontra jokatu zuten. Borrokatua izan zen neurketa: husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak, eta lehenengo entsegua etxekoek gauzatu bazuten ere, donostiarrek markagailua irauli eta norgehiagoka irabazi zuten, 5-10. Azkenik, 18 urtez azpikoek ere galdu egin zuten, 5-25, Bera Beraren aurka baita ere.