Esnekiak, txerrikiak, ahatekiak, sasoiko barazkiak, hazi ekologikoak... baserrian ekoiztutako produktu mordoa erosteko aukera egongo da hirugarrenez egingo den Baserriko Azokan.
Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendi landa garapenerako agentziak antolatu dute, eta elikagaiez gain, eskualdeko turismoa sustatzeko informazio gunea izango da. Besteak beste, Gipuzkoako mendi ibilbideen mapa berria eskuratu ahal izango da bertan.
Ekoizle eta erosleen arteko zubia
Behemendiko kide Ainhoa Amundarainek azpimarratu du tokian tokiko produktuen merkatua asko ahuldu dela, batez ere, kontsumo joeretan egon diren aldaketengatik. Azokaren bitartez, baserriko elikagaiak herrira gerturatu nahi dituzte. Izan ere, alkate Jesus Maria Zaballosek dioenez “ez da erraza kalean horiek lortzea”.
Aurreko bi urteetako edizioek izandako arrakasta goraipatu du alkateak, eta aurten ere herritarrak gerturatzea eta elikagaiak erostea espero du.
Umeentzako jolastokia ere jarriko dute Okendon. Hala, gurasoek azoka lasai bisitatu ahal izango dute.
Bestalde, Ttirriki Ttarraka musika eskolako ikasleek trikitixa doinuz girotuko dute eguna.