Iguaranek aurrera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan; Labaka eta Azpiroz gutxigatik kanpoan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 9a

Lasarte-Oriako Earra! bertso eskolako kide Beñat Iguaranek final erdietarako txartela lortu du. Urretxu-Zumarragako, Errenteriako, Zestoako, Ormaiztegiko eta Eskoriatzako saioetako irabazleak ez ezik, beste hamahiru bertsolari izango dira finaleko atarian. Ane Labaka herritarra eta Asier Azpiroz bertso eskolako kidea aldiz, gutxigatik geratu dira kanpoan.

Iguaran erosotasunez sailkatu da 491 punturekin Urretxu-Zumarragan, Agin Labururen atzetik bigarren izan ostean. Final laurdenak gainditzeko beharrezkoak ziren 480 puntuak ez dituzte lortu Labakak eta Azpirozek, 476 eta 470,5 irabazi baitituzte hurrenez hurren. Lehenak aurrera egiteko aukera zuen Eskoriatzako saioaren aurretik, baina sei bertsolaritatik bostek bere puntuazioa hobetu dutenez, Labaka ez da final erdietan kantatuko duten hemezortzi onenen artean sartu.

Abenduaren 19ko Illunbeko finalaren aurretik hiru saio izango dira Zarautz, Tolosa eta Eibarren. Iguaranek lehenengoan abestuko du azaroaren 22an, Aritzbatalde kiroldegian. Bere aurkari izango ditu Unai Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Martin, Agin Laburu eta Ander Lizarralde.

Soilik zortzi bertsolari izango dira Donostiako finalean eta, beraz, saio borobila egin beharko dute final erdietara sailkatu diren hemezortzi bertsolariek.