Gripearen txertoa hilaren amaiera arte

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 9a, 11:00

Urtero legez, gripearen kanpaina martxan da. Urrian hasi eta bi hilabetez, arrisku taldeetako kideek txertoa Osasun Zentroetan jartzeko aukera dute. Lasarte-Oriako Osasun Zentroako arduradunek haurdunei eta gaizotasun kronikoak dituzten herritarrei dei berezia egiten diete. Azaroaren 30ean amaituko da aurtengo kanpaina.

Urriaren 5an hasi zen gripearen aurkako aurtengo kanpaina eta  asko izan ziren lehenengo egunetan Lasarte-Oriako Osasun zentrora hurbildu ziren herritarrak. Egun kopurua jaisten doa, baina egunero herritarren batek txertoa ezartzen du. Izan ere, Osasun zentroko kideek gogoratzen duten modura, azaroaren 30era arte dago kanpaina indarrean.

Pertsona helduei dagokienez, gripearen aurkako txertaketa prebentzio komunitarioko neurri nagusietako bat da Euskadin.

Osakidetzak 65 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoren bat dutenentzat, diabetikoentzat, haurdunentzat eta osasun-langileentzat, gomendatzen du txertoa. Izan ere, gripea gaixotasun infekziosoa baita eta ondorio larriak edo kasu batzuetan, heriotza eragin baitezake. 

Angel Gomez Lasarte-Oriako Osasun zentroko erizainak batez ere, haurdunei eta gaixotasun kronikoak dituztenei egiten die deia. “Izan ere, 65 urtetik gorako pertsonek eskutitza jasotzen dute etxean eta besteei, gehiago kostatzen zaie, lanagatik edo dena delakoagatik”.

Ordua eskaera

Arestian aipatu legez, azaro amaiera arte dago txertoa jartzeko, beraz normalean, bi hilabeteko epea dute arrisku taldeetako kide eta interesatuek.

Angelek azaldu moduan, Lasarte-Orian hitzordu sistemarekin lan egiten da eta, lehen bi asteetan 5 ordu eta erdiko txandak egin zirela aipatu digu. “Herritar asko dira lehen egunetan txertoa jartzen dutena. Gero lasaitzen doa eta noizbehinka norbait agertzen da.”

Gainera, txertoak soberan egonez gero, kanpainaren epea luzatzen dutela ere aipatu du.

Etxean jarri

Ezarritako orduetan osasun zentrora hurbildu ezin duten pertsonek ere txertoa jartzekoa aukera dutela jakitera eman digu Osasun zentroko erizainak. 

Haien mediku edo kanpainako arduradunekin hitz egin eta beste ordu bat zehaztu dezaketela aipatu digu. 

Eta prozedura bera jarraitu behar dute etxean txertoa jarri nahi dutenek. Izan ere, “osasun arazoengatik zentrora hurbildu ezin direnentzat zerbitzu hau ere eskuragarri dago”

Polemikoa

Txertoa jartzea gai polemikoa da. Baina Gomezek txertoa segurua dela, ongi probatua dagoela eta eraginkorra dela azpimarratzen du. “Batzuk inoiz ez dute gripea bat hartu eta txertatu eta gero gripea dute, baina hau ez da txertoaren ondorioz izaten”.

Gauzak  honela herritarrak gonbidatzen ditu gripearen aurkako txertoa jartzera.