Lan eta Lan taldeko lagunek 18. urteurrenaren ospakizunekin aurrera jarraitu dute.
Ostegunean, aurreko zenbakian berri eman genuen bezala, Cervantes idazle ezagunaren 'El viejo celoso' lana antzeztu zuten.
Ongien egiten dakitena erakutsi zuten Lan eta Lan antzerki taldekoak, kultur etxean: oholtza gainera igo eta interpretatzea.
Hurbildu ziren herritarrek ederki barre egin zuten entremes honek dakarren istorioari esker. Izan ere, emakume ez leial baten eta bere senarraren harremanei buruzko lana ekarri baitzuten oholtzara.
Irakurketa
Atzo, berriz, antzerkiaren beste arlo bat erakutsi zuten 'El cianuro ¿solo o con leche?' lanaren irakurketa dramatizatua eginez.
Taldeko kideak pertsonaiez karakterizatuak igo ziren oholtzara. Baina ohiko antzezlanetan ez bezala, antzezle guztiak momentu oro izan ziren ikusgai. Haien papera irakurri eta antzeztu behar ez zutenean, aulki batzuetan eserita besteen pasarteak adi jarraitzen zituzten.
Antzezlaneko hainbat momentutan, taldeko zuzendaria ere ikusi ahal izan zen, antzezleei gomendioak eman edo soinu efektuak sartzen.
Aukeratutako komedia beltzak Manuel Lekuonako aretoa bete zuten ikusleen barre eta algarak eragin zituen, momentu askotan.
Erakusketa
Baina bi ekintza hauek ez diote amaiera eman urteurren berezi honen ospakizunei.
Larunbatera arte, Lan eta Lan taldeak 18 urte hauetan batu dituen atrezzo, argazki, kartel eta beste objektuen erakusketa ikusteko aukera dute herritarrek Antonio Mercero aretoan. Lehengo astean ireki zen eta hainbat izan dira bertatik igaro diren herritarrak.
Honek ateak ixtean urteurrenaren oihala jaitsiko dute antzerki taldeko lagunek.