Alebin zein infantil mailetako neska-mutilek eskolarteko tenis txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu dute. Larunbat arratsaldeko 14:00etan hasi ziren lehenengo bi partiduak, eta arratsaldeko 18:30etik aurrera azkenak. Pistetan giro aparta sortu zen, jokalarien guraso eta lagun ugari gerturatu baitziren norgehiagokak ikustera.
Lasarte-Oria, Usurbil, Andoain, Hernani, Urnieta eta Donostiako gaztetxoak ari dira txapelketan parte hartzen. Lehenengo fasea liga formatuan ari dira jokatzen; 4 jokalariko taldeak egin dira. Parte-hartzaile kopuruari so eginda, bizpahiru erronda jokatzea aurreikusten dute antolatzaileek. Otsailaren 27an amaituko da txapelketaren lehenengo fase hori.