Arrieskalleta elkartean, ezohiko bertso afari izan zen ostiral gauean. Elkarteak eta Earra! Bertso eskolak antolatuta, janaria, bertsoa, hitza eta apustua izan ziren.
Afal ostean, Mailu Arrutik eman zion hasiera ekitaldiari. Bere irakasle garaiak gogora ekarri eta 'Desberdinen batasuna helburuaren amankomuna lortzeko' tesia garatu zuen Arrieskalletan zeuden bertso zaleen aurrean. Hau da, Katalunian ideologia desberdinetako pertsonak independentziaren alde 'Junts per si' alderdian batu diren bezala, Ane eta Patxi Arrieskalletan 'Junts per bertso' batu zirela eta bertsoa, bertsolaritza, bertso eskola eta bertso zaletasuna helburu zutela adierazi zuen.
Aurkezpen ez ohiko horren ostean, zortziko handian, zortziko txikian eta puntuka gairik gabe ibili ziren bertsotan Ane eta Patxi.
Era honetara, bata besteari loreak bota zizkioten. Anek Patxiren adinean bertsotan egitea gustatuk litzaiokeela abestu zuen. Patxik Aneren bertso eskolako lehen urteak ekarri zituen gogora eta honen bilakaera. Feminismoa ere jorratu zuten eta Patxik Ane neska zahar geratuko zela azpimarratu zuen honen harira.
Bertsolariei atsedena emate aldera, Mailuk hondartzan egotean ikusitako hainbat gertaera ekarri zituen Arrieskalletara
Ostean, Ane eta Patxi gaia jarrita aritu ziren eta Unai Muñoa izan zen gai jartzaile lanetan.
Era honetara, Anek EAJko aitona Podemosen alde bozkatzeko konbentzitu behar izan zuen, Ane Patxiren hamaikagarren zaintzailea izan zen edo Patxik bizitzaren mandamentuak erakutsi behar izan zizkion Aneri.
Kalabaza
Baina bertso eta txutxu-mutxuez gain, apustu berezi bat ere izan zen Arrieskalleta elkarteko saioan. Kalabaza baten pisua pasa gabe asmatu behar izan zuten ikusleek.
Kalabazak 8 kilo eta 234 gramo zituen eta gertuen egon zena, Lizaso izena zuen txartela izan zen, 8 kilo esanda. Zortekoak kalabaza eta 28 euro eraman zituen etxera.