Partida erabakigarria ikusi ahal izan zen atzo Michelingo kirol guneko pilotalekuan. Izan ere, Ezker hormako txapelketako lehen faseko azken jardunaldian jokoan baitzegoen I. mailako igoera faserako txartela.
Aurrez aurre multzoko bigarren taldea, Eskoriatza eta laugarrena, Intza egon ziren. Sailkapenean, partida jokatu baino lehen, puntu bakarreko tartea zegoen eta partidako emaitza berebizikoa zen multzoko lehen bi postuak nork eskuratuko zituen jakiteko. Intzak 22-18 edo alde gehiagoko garaipena behar zuen bigarren izateko; Eskoriatzak berriz, partida irabaztearekin nahikoa zuen sailkapeneko lehen postuan egoteko.
Lesioa
Eskoriatza azken orduko baja batekin etorri zen Lasarte-Oriara, atzelaria lesionatu baitzen. Bere ordez, beste aurrelari bat egongo zen jokoan.
Honek Intzako bikotearen alde jartzen zuen balantza, baina partida hasi eta Haritz Urkia eta Mikel Elolak tantoak ongi landu beharko zituztela ikusi zuten. Arerioa 0-3 aurreratu zitzaien.
Hala ere, ez zuten amore eman. Ederki eutsi zieten arerioaren erasoei. Gainera, luze jokatzen hasi ziren eta bi atzelariek lan ederra egin behar izan zuten. Arerioaren akatsak eta jokaldi azkarrei esker, Intzak partida berdin du eta tantoz tanto tartea irekitzen joan ziren.
16-7ko markagailuarekin, Eskoriatzako bikoteak ez du amore eman eta ederki borrokatu du. Tanto luzeak, landutako jokaldiak eta dejada politak ikusi dira azken tantoetan.
Sailkapenak ihes egingo zuela zirudien azken minutuetan. Nahiz eta Intzak 20 tanto izan, arerioak 18 tanto egiteko 4 falta zituen. Gainera hainbat akats egin ostean, Haritz Urkiaren urduritasuna nabaria zen.
Baina Mikel Elola atzelariak esperientziak balio duela argi utzi zuen eta atzelariari lan eginaz, arerioa hanka sartzera behartu zuen eta azkenean Intzak 22-14 garaitu zuen Eskoriatza.
Sailkapen fasea
Era honetara, igoera faseko final erdian egongo da Intzako senior bikotea eta beste multzoko lehen sailkatua den Atzapar taldearen aurka jokatu beharko du.
Irabaziz gero, Ezker hormako I. mailan jokatuko du Intzak hurrengo denboraldian.
Galduz gero, bi egoera eman daitezke. Batetik Intzak beste finalerdiko galtzaileak baina tanto gehiago egin baditu sailkapen faseko 3. postua eskuratu eta I. mailako txartela eskuratuko luke.
Eta bestetik laugarren izanez gero, jubenilen mailako txapelduna irabazi beharko luke igoera lortzeko.