Doinu barrokoez gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 7a, 11:00
Era paregabean eman zioten atzo hasiera Ivan Moreno gitarra jole eta Amaia Larrayoz eta Marta Santolaya sopranoek Danok Kide elkarteak antolatzen dituen XI. Musika Topaketei.

Hirukoteak musika barrokoz bete zuen Ama Brigitarren komentua bertara hurbildu ziren entzuleen gozamenerako. Besteak beste, Monteverdi, Strozzi edo J. S. Bachen lanak eskaini zituzten.

Amaia Larrayoz eta Marta Santolaya sopranoen ahotsetan barroko garaiko trufa eta graziak entzun ziren. Era berean, Ivan Morenok tiorba eta gitarra barrokoarekin duen trebezia erakutsi zuen emanaldian zehar.

Hurrengo hilabetetan Topaketen barruan beste emanaldiez gozatzeko aukera izango da. Elkarteko kideek aurreratu digutenez, abenduaren 4an Ana Belen Garcia organo jolea eta Haizea Muñoz sopranoa izango dira Topaketetan.

Baina Danok Kidek hainbat ekimen sustatzen ditu eta hurrengoa, Donostiako Teatro Estudio taldeak bere 50. urteurreneko ekintzen barruan, eskainiko dituen bi antzerki izango dira. Lehen saioa hurrengo ostiralean da eta Donostiako taldeak 'Ensayos a siete' lana eskainiko du Manuel Lekuona kultur etxean.