2016ko ordenantza fiskalak onartu ditu Udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 6a

Hurrengo urtean KPIa %1,3 igoko dela aurreikusten du Udalak eta datu hori oinarri gisa hartuta igo egingo ditu hainbat tasa. 2016ko ordenantza fiskalen proiektuan jasota datoz igoera horiek; gaur onartu dute txostena ezohiko udalbatzarrean, 9 aldeko bozka eta 6 abstentziorekin. “Hainbat tasa igotzea erabaki dugu KPIaren aurreikuspenean oinarrituta, baina gutxiago ordaindu beharko dute lasarteoriatarrek alor gehienetan, gure herriaren antzeko ezaugarriak dituzten beste hainbatek ezarritako tasekin alderatuta”, zehaztu du Jesus Zaballos alkateak.

FUNCAS Aurrezki Kutxen Fundazioaren estimazioetan oinarrituz, udalak aurreikusi du %1,3 igoko dela KPIa datorren urtean, eta tasen bidez eskuratutako diru-sarrerak ere portzentaje horretan areagotuko ditu. Horretarako, ordenantza fiskalen proiektuan hainbat tasa igotzea proposatu du. Ogasun batzordean eztabaidatu ostean ezohiko udalbatzarrera eraman dute gaia eta onartua izan da txostena, 9 aldeko bozka eta 6 abstentziorekin. EH Bilduko Kristina Bernal eta Lasarte-Oriak Ahal Du alderdiko Alicia Garcia ez dira saioan izan.

IBI Ondasunen Higiezinen zergan aplikatuko dute igoera, esaterako. Orain arte 0,1698ko tasa aplikatzen zen eta diru-sarreretan %1,3ko igoera hori islatzeko 0,1703ra igoko dute. “Herritarrek apur bat gehiago ordaindu beharko dute, baina Hondarribian esaterako 0,25ekoa da, Irunen 0,26koa eta Errenterian 0,28koa. Igoko dira hainbat tasa, bai, baina konparaketan ez dute beste hainbat herritan bezainbeste ordainduko alor gehienetan”.

KPIaren estimazioan oinarrituz igoko dituzte baita ere musika eskolako tasak, udal euskaltegikoak, hilerrikoak, IAE Aktibitate Ekonomikoen zerga, estolderia, zaborra, Ibilgailuen Gaineko Zerga eta SAD Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (egunean zeharrekoa soilik, jaiegunetan ia %12 jaitsiko da).

Aipatutako tasa batzuk zifretara ekarriz, horrela geratuko dira, esaterako, 2016ko zaborren tasak: Etxeko zaborragatik 84,40 euro ordaindu beharko dituzte herritarrek, 208 komertzio eta dendek eta 296 ostalaritza alorrekoek. “Kritikak jasotzen ditugu alor honetan, baina berriro ere gure antzeko ezaugarriak dituzten hainbat udalerriren tasekin alderatuz, askoz gutxiago ordaintzen dugu. Esaterako, Bergarako dendena 575 eurokoa da, eta ostalariena 864”.

Ibilgailuei dagokienean %2,37ko tasa ordainduko dute herritarrek 2016an, inguruko udalerri askok baino gehiago. “Kasu honetan tasa altuenetako bat da gure herriarena, ibilgailu asko baitauzkagu Lasarte-Orian”.

Uraren tasa ere igo egingo da, zentimo bat lauhileko bakoitzeko. Ordaindu beharreko tasak kontsumitutako uraren araberakoak izango dira, metro kubikotan neurtzen direnak.

Badira ere zenbait esparru 2016an izoztu egingo dituztenak. Taxien tasa, udaleko Kultura batzordeak antolatutako ikuskizunak eta Eraikinen Gaineko Zerga. Bestalde, Kiroldegiko kuotek jaitsiera xume bat izango dute; 0,29 familien kasuan, 0,06 helduenean eta 0,05 gaztetxoenean.

Aldaketak eta irizpide berriak

Alkateak azaldu duenez, urte osokoak ez diren kurtsoetan aldatu egingo dira prezioak ezartzeko irizpideak. Ikastaroaren prezioaren eta matrikulatutako jende kopuruaren artean zatiketa egingo da, eta emaitza izango da herritarrek ordaindu beharko dutena. “Lehen kuota antzekoak ezartzen ziren ikastaro guztietarako, eta ikastaro merkeenak egiten zituztenek garestiak egiten ari zirenen kuota ordaintzen zuten hein handi batean”.

Zaballosek zehaztu du hobariak izango dituztela kurtso horiek egiten dituztenek, baldin eta herrian erroldatuta badaude; %40eko deskontua egingo zaie. Horrez gain, gazteak izanez gero deskontu horren gainean %75 gutxiago ordaindu beharko lukete, prezio osoaren %15a alegia. Emakumeen Zentroak eskaintzen dituen ikastaroei dagokionean, emakumeek %25eko hobaria izango dute eta erroldatuak badira %40ko beste bat.

Hiribusari dagokionean, urte bukaerara arte egungo tarifarekin jarraituko dute eta urtarriletik aurrera etorriko dira aldaketak, Gipuzkoako Lurralde Agintaritzan integratuko baita Lasarte-Oria. Horrela, 2016tik aurrera tasa ez du Udalak ezarri eta kobratuko, lehen aipatutako erakundeak baizik. Herritarrek sistema horren hobari eta deskontu guztiak edukiko dituzte.

Alkateak azpimarratu du ordenantza fiskaletako hainbat gai ezin izan dituztela “sakonki” aztertu, gobernu aldaketa eta oporrak direla-eta “hilabete bakarra” eduki baitute lantzeko . “Alderdi guztiek landu beharreko alorren inguruko proposamenak egin dituzte, eta legealdirako kronograma zehaztu dugu. Orain arte landutako gaiak ez dira izan mardulenak, baina tekniko eta batzorde guztiekin irizpideak bateratu ditugu hainbat alorretan”. Zaborren tasak eta asteazkeneko azokaren tasak eta kokaleku definitiboa bezalako gaiak datorren urtean lantzeko asmoa dute.

Proiektua, onartua

Ezohiko udalbatzarra egin dute gaur alderdiek, 2016ko Ordenantza Fiskalei jarritako hainbat emendakin aztertu eta egitasmoa bere osotasunean bozkatzeko. Hori baino lehen, 2015 urteko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri eman du alkateak.

Udalbatzarrera ekarri baino lehen Ogasun Batzordean aurkeztu eta eztabaidatu zen proiektua. Guztira zortzi emendakin jarri zaizkio; 4 EH Bilduk, 3 PSE-EEk eta bat EAJk. Azkeneko lauak onartuak izan ziren; EH Bildurenak, aldiz, baztertuak. Gaurko udalbatzarrean aztertu dituzte berriro koalizio abertzalearen emendakinak, batzordean boto partikularra eskatu baitzuen alderdiak.

Pablo Barrio bozeramaileak azaldu ditu lau horietako bakoitza. Hutsik dauden bigarren etxebizitzei buruzkoa izan da lehenengoa. %50eko gain-tasa ezartzeko protokolo bat sortzea eskatu du alderdiak. Baztertua izan da, 3 aldeko bozka, 10 aurkako eta 2 abstentziorekin. Bigarrena herrian ematen diren ikastaroei buruzkoa izan da; ikastaroa behin hasita dagoenean kuotaren zati proportzionala ordaintzea galdegin du alderdiak, ez kopuru totala. Hirugarrenean irabazteko asmorik gabeko elkarte eta pertsona fisikoak izan ditu hizpide Barriok; lokalak erabiltzeko ordaintzetik salbuetsita zeuden hainbat eta horrela jarraitzeko eskatu dute, 2016ko ordenantzetan aldatu egingo baita irizpide hori. Azkenik, laugarrena ere ikastaroei buruzkoa izan da. EH Bilduk eskatu du hobariak kurtso guztietan aplikatzen jarraitzea eta ez batzuk hortik kanpora uztea. Hiru emendakin horiek ere baztertuak izan dira.

Horren ostean, 2016ko Ordenantza Fiskalen proiektua bozkatu dute bere osotasunean. Onartua izan da, PSE-EEren eta EAJren aldeko bozkekin (9 guztira) eta EH Bildu, LOAD eta PPren abstentzioekin (6).

Alderdien balorazioak

Bozketaren ostean, alderdiek euren bozkaren zergatia azaldu dute. PPko Alex Saenzek ireki du txanda. “KPIaren 1,3aren igoera zentzuzkoa iruditzen zaigu, baina arrazoi subjektibo bat dela-eta ez dugu alde bozkatu; fiskalitatea ulertzeko dugun moduagatik. Uste dugu ematen diren zerbitzuen prezioak jaitsi egin behar dutela, kalitatea mantenduz beti ere”.

EAJko bozeramaile Estitxu Alkortak adierazi du “pozik” dagoela alderdi jeltzalea jasotako neurriekin, tasak ez direlako igoko KPIa baino gehiago 2016an, eta “ekonomia sustatzeko hainbat neurri” hartu direlako, baita garai bateko bonifikazio sistemak berreskuratu ere.

EH Bilduko Pablo Barriok azaldu du koalizio abertzaleak “duela 4 urte abiatutako aldaketa nabarmenenak” islatuta ikusten direla 2016ko ordenantzetan, eta “pozgarria” dela hori. Bestalde, alor negatiboak ere aipatu ditu, “atzerapausoak” eman direla zenbait alorretan, aurkeztu dituzten emendakinetan aipatu moduan.

Udalbatzarraren ostean emandako prentsaurrekoan, Jesus Zaballos alkateak azpimarratu du "aurkako bozkarik gabe" izan direla onartuak 2016ko ordenantzak: "Jaso ditugun neurriak ontzat hartu dituzte alderdiek oro har, eurek gobernatzen dituzten herrietan ordaindu beharreko tasak eta tarifak dezente altuagoak baitira; herriko igoerak zentzuzkoak dira". 

Alderdiek euren iritzia eman ostean bukatutzat eman du alkateak gaur goizeko ezohiko udalbatzarra.