Akordeoi soinuak izango dira entzungai hilaren 14ean, larunbatean 19:00tan, herriko Manuel Lekuona kultur etxean. Zero Sette orkestrak antolatutako XII. Akordeoi Jaialdiak luxuzko gonbidatuak izango ditu beste behin ere.
Aurtengo izarra Eric Bouvelle akordeoilari frantziarra izango da. Munduko Akordeoi Kopako txapeldun izandakoaz gozatzeko aukera izango da Lasarte-Orian. Bere orkestrarekin batera, musètte estiloko doinuak joko ditu. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “musika alaia eta bizia” da Bouvellerena, “80ko hamarkadako Paris erromantikoa gogora ekartzen duena”. Bere ibilbidean 50 lan baino gehiago argitaratu ditu musikari borgoinarrak.
Mirari Etxeberria biolinista donostiar gaztearen musikaz ere gozatzeko aukera izango da jaialdian. Camille Saint-Saëns konpositore frantziarraren ‘Dantza Makabroa’ interpretatuko du Donostiako Musika Eskolako dantza taldearen eta Zero Sette orkestraren laguntzaz. Hamazazpi urte izan arren, taula gainean esperientzia handia du Etxeberriak. Zortzi urterekin hasi zen biolina jotzen eta Euskal Herriko Gazte Orkestrako kide izan da, besteak beste. Gaur egun, Enekoitz Martinez irakaslearekin ikasten ari da.
Kultur hiribururako pieza
Jaialdiari amaiera modu berezian emango diote. Arratsalde osoan zehar parte hartu duten musikari guztiek pieza berria aurkeztuko dute. Donostiako 2016ko Kultur Hiribururako bereziki konposatutakoa, alegia.
Jose Manuel Crespok zuzentzen duen Zero Sette orkestrak bere Errepertorioa pieza klasikoetan oinarritzen du. Hala ere, musika garaikideak ere bere lekutxoa izaten du bere kontzertuetan. Izan ere, aurreko urtetan, esaterako, Rodger Hodgson, Metallica edota Jeff Lynne bezalako artisten bertsioak egin izan dituzte, baita The Godfather eta West Side Story filmeen soinu bandak egokitu ere.
Jaialdia sendotuz
2015ean ere maila handiko musikariak izango ditugu gurean. Aurreko edizioan Joao Frade akordeoilari portugaldarrak eta Munir Hossn gitarrista brasildarrak eskaini zuten emanaldia Joxan Goikoetxea hernaniarrarekin batera. X. edizioan, berriz, Arrigo Tomasi italiarra eta Daniel Levy uruguaidarra izan ziren gurean.
Jaialdia arratsaldeko zazpitan hasiko da, eta hiru euroko sarrerak kultur etxean eskuratu ahal izango dira. Hamasei urtetik beherakoak doan sartuko dira.