Jon Ander Puertas Europako txapeldun

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko aza. 3a, 18:00

“Errugbiko baloia besapean” jaio zen Jon Ander Puertas herritarra, eta iragan larunbatetik aurrera Europako 19 urtez azpiko txapelketaren garaikurra ere altzoan darama. Espainiako selekzioak deituta, Lisboan jokatu den txapelketan aritu da Hernani CREko jokalari gaztea.

Europako errugbi txapelketa bat ez da egunero jokatzen, bizi artean ahazten ez den esperientzia horietako bat da, eta horrelaxe gogoratzen du Puertasek: “Izugarria izan da Lisboan bizitakoa, maila goreneko selekzioen aurka indarrak neurtzea eta estadioetako giro berezi hori sentitzea”.

Urriaren 25ean jokatu zuten lehenengo norgehiagoka, Alemaniaren aurka. 11-0 irabazi zuten, final aurrekoetarako sailkatuz. Errusia izan zuten arerio fase horretan, eta 30-7 nagusitu ziren ordukoan. Azkenik, final handian Errumania izan zuten aurrez aurre, eta 24-3ko markagailuarekin Europako 19 urtez azpiko txapelketa poltsikoratu zuten.

Markagailuei so eginda, pentsatu daiteke akaso Espainiak aise irabazi zuela txapelketa, baina Puertasek azpimarratu du bidea ez dela “batere erraza” izan: “Oso gogorrak izan dira jokatu ditugun hiru norgehiagokak. Lehenengoan akats dezente egin genituen, ez ginen fin ibili erasoan, baina partidua aurrera atera genuen hala ere. 2. eta 3. partiduetan konpondu genituen akats horiek, eta txapelketan zehar defentsan oso ongi aritu garenez txapelketa irabaztea lortu dugu”.

Ordezkoen aulkian hasi zituen Puertasek hiru norgehiagoka horiek, baina hainbat minutu jokatzeko aukera izan zuen eta jarri zuen haren hondar aletxoa taldekideei lagundu eta txapelketa eskuratzeko. “Jokatzeko aukera eduki dut, eta oso kontentu nago horregatik. Nire postuan aritzen den Iñaki Mateu sekulako jokalaria da; denok nahi ditugu norgehiagoka guztietako minutu denak jokatu, noski, baina pozik nago izan dudan paperarekin”.

Espero gabeko deia

Ezustean harrapatu zuen herriko jokalari gaztea Santiago Santos prestatzailearen deiak. “18 urtez azpiko selekzioarekin entrenatu izan dut, baina gero txapelketara ez nintzen joan eta aurtengo deia ez nuen espero, egia esan. Gainera, udaran ez nengoen nire onenean fisikoki”.

Joan den urteko azaroan izan zuen belauneko lesioa da horren arrazoia. Hainbat hilabete zelaietatik at pasa zituen Puertasek osatu arte, eta lortu zuen denboraldia amaitu aurretik berriro ere jokatzea, Hernani CREren bigarren taldean.

Handik hilabete batzuetara errugbi nazionaleko maila gorenean jokatzen du berriro Hernanin, eta Europako 19 urtez azpiko txapelketa irabazi berri du jokalari gazteak. Entrenamendu ordu asko daude horren atzean, baina baita beste elementu oso garrantzitsu bat ere: Gurasoen laguntza. Fran Puertas aitak Babyauto-Zarautz taldea entrenatzen du egun, eta jokalari izan zen hori baino lehen, Galesko mundiala ere jokatu zuen Espainiarekin, 1999an. Gainera, selekzioarekin 93 norgehiagoka jokatu zituen, beste inork baino gehiago. “Aitak errugbiaren alor teknikoaren inguruan ematen dizkit aholkuak eta amak psikologo lanak egiten ditu. Funtsezkoa da euren laguntza, eskerrak ematen dizkiet babes hori emateagatik”.

Errugbi baloia besapean

“Batek baino gehiagok esaten du futbol baloi bat besapean zuela jaio zela; errugbikoa neukan nik”, dio Puertasek. Aitaren urratsak jarraituz, errugbian jokatzen hasi zen herritarra txiki-txikitatik. Atletico San Sebastian eta Ordizia taldeetan aritu ostean, Hernanira joan zen 12-13 urte zituela. “Hernanin garatu naiz gehien jokalari gisara, inolako zalantzarik gabe”, nabarmentzen du.

18 urterekin eman zuen Puertasek Ohorezko Mailara jauzia. “Sekulako maila dago kategoria horretan, jokalari apartak daude, eta maila horretan konpetitzera moldatu behar izan dut”, aipatzen du jokalari gazteak. Era berean, eskerrak ematen dizkio Hernani taldeari, “maila horretan jokatzeko aukera emateagatik”.

Ohorezko Mailako jokalaria Hernani CREn eta Europako 19 urtez azpiko txapelduna. Jon Ander Puertasen kurrikulumaren lerroak ez dira errugbira mugatzen ordea, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza izeneko gradua ikasten ari baita Mondragon Unibertsitatean. Bigarren urtea du aurtengoa, eta “oso gustura” ari dela azpimarratzen du: “Benetan atsegin dudana ikasten ari naiz”.