Buruntzaldea IKTko alebinak bikain Tolosan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 3a

Denboraldi berria hasten lehenak izan dira Buruntzaldea IKTko alebinak. Tolosako Usabal kiroldegian aritu ziren pasa den larunbatean 2002 eta 2004 artean jaiotako neska-mutilak.

Berrikuntzekin dator aurten alebinen liga. Espainiako Federazioak antolatzen du aurten eta erakunde horrek bideratuko ditu jokatuko diren 7 jardunaldiak. Gutxi gorabehera, hilabetero behin ariko dira alebinak. Lehenengo jardunaldia pasa den asteburuan izan zen, Tolosako Usabal kiroldegian.

Igerilari denek bi proba izan zituzten aukeran: 400 libreak edo 200 estiloak. Guztira 22 gaztetxok hartu zuten parte jardunaldi horretan eta maila bikaina eman zuten, horietako asko sailkatu baitziren lehenengo postuetan.

Leire Martin eta Ainhoa Martin ahizpak lehenengo eta bigarren izan ziren 2003koen 400 libre proban, hurrenez hurren. Era berean, mutilen artean Unai G. Somovillak eskuratu zuen lehenengo postua distantzia horretan. 2004an jaiotakoen 200 estiloari dagokionez, Joane Arzalluz hirugarren izan zen, lehenengotik segundo eta erdira besterik ez. Distantzia horretan bertan, 2002an jaiotako Lander Sorozabal eta Iñaki Arregi hirugarren eta bosgarren izan ziren. 

Prestatzaileak, gustura

Jardunaldia amaitu ostean oso pozik ziren Buruntzaldea IKTko prestatzaileak: "Maila bikaina eman dute gure igerilariek, proba gehienetan lehenengo hamarren artean sailkatu baitziren. Irrikitan gaude ikusteko zein postutan dauden ligako sailkapen orokorrean". 

Alderdi negatiborik ere izan zen larunbateko jardunaldian, entrenatzaileek azpimarratu moduan: "Deskalifikazio gutxi batzuk jaso genituen 200 estiloetako proban. Lanean jarraituko dugu, hau hasi besterik ez da egin". 

Larunbat honetan infantil, junior eta absolutuen txanda izango da, Neguko Ligako 1go jardunaldian ariko baitira herriko kiroldegiko igerilekuan.