Lan eta Lan herriko antzerki taldeak 18 urte bete ditu aurten, eta urtemuga berezi hori ospatzeko ekitaldi-sorta zabala prestatu du aste honetarako eta hurrengorako. Horietako bat da gaur arratsaldean inauguratu duten erakusketa. Urte horietan guztietan bildutako materiala erakutsiko dute bertan: atrezzoa, argazkiak, antzerkiak iragartzeko kartelak, eta abar. "Ahal izan dugun espazio guztia erabili dugu materiala txukun erakusteko, baina hainbat gauza utzi behar izan ditugu kutxetan gordeta", adierazi du Ana Miranda zuzendariak.
Gaurkoan erakusketa ez da izan ikustekoa soilik, entzutekoa ere bai. Taldean jarraitzen duten kideek autore desberdinen olerkiak irakurri dituzte, inauguraziora gerturatu direnen gozamenerako. Hori baino lehen ordea, denak taldean bildu eta taldeari buruz hitz egin dute luze eta zabal kazetarien galderei erantzunez.
HHI-EPAko ikasle ohi talde batek eman zuen jauzia oholtza gainera, 1997an. Interpretazio tailerra egiten hasi ziren urte horretan, irakasle batekin batera. Handik urtebetera sartu zen taldean Ana Miranda zuzendaria, eta ordutik hainbat genero, autore eta obra landu dituzte. Jean Anouilh frantsesaren 'La orquesta de señoritas' izan zen lehenengoa, 1998an. Manuel Lekuona kultur etxean interpretatu zuten. Taularatutako lehenengo obra beti izaten da berezia, baina antzerki taldeko kideentzat "interpretatutako azken lana" izan ohi da bereziena. Bat nabarmentzekotan, erantzuna argi dute: "Gaur inauguratzen dugun erakusketa hau da onena, gure ibilbidean zehar interpretatutako lanak biltzen dituena".
Familia handi bat
"Lan eta Lan antzerki talde amateurra da, baina aktoreen lana profesionalak direnen parekoa da", azpimarratu du Mirandak. Urtean hiruzpalau obra eramaten dituzte oholtza gainera, urteko garai desberdinetan: Gabonetan eta Emakumearen Nazioarteko egunean (martxoaren 8an) urtero, eta uda partean ere bai normalean. "Aktore profesionalek obra bat buruz ikasi eta gero hori interpretatzen aritzen dira ia urte osoan zehar, baina guk prozesu hori hiruzpalau aldiz egiten dugu tarte horretan", aipatu dute kideek. Lan eta Lan taldekoak ez dira gidoia ikastera mugatzen soilik, beste hainbat alor ere lantzen dituzte: "Autoreak, testuak eta gidoiak aztertzen ditugu, eszenografia lantzen dugu, obra egokitu, gidoiak ikasi... Interpretatuko dugun antzezlanaren esparru guztiak guk lantzen ditugu, eta horrek izugarri batzen du taldea; familia handi bat gara", nabarmendu du zuzendariak.
Ikusle asko batzen dira ere Lan eta Lan taldeak antzezten duen aretoetan. Ana Miranda zuzendariak gogoan izan ditu zaleak: "Ikuslego zoragarria daukagu, eskerrak eman behar dizkiegu gu horrela jarraitzeagatik. Gero eta erantzukizun handiagoa dugu haiekiko, oholtzara eramaten ditugun lanen kalitatea etengabe hobetu nahi dugulako". Hobekuntza hori ez da egun batetik bestera lortzen, lanordu eta entsegu asko daude atzean. Aste bakoitzeko astearte eta asteazkenetan biltzen dira kideak, kultur etxean bertan, 11:30etik 13:30era.
Gaur egun 8 kidek osatzen dute Lan eta Lan, eta horietako gehienak emakumeak dira. Gizonezko antzezleak faltan botatzen dituztela aipatu du Mirandak, eta baita belaunaldi gazteetakoak ere. Hala ere, taldearen etorkizuna "bermatua" dagoela dio: "Proiektu asko ditugu esku artean, batzuk atzera bota behar izaten ditugu data arazoak direla-eta. Asko gozatzen dugu egiten dugunarekin, gogotsu gaude". Geroan pentsatzen dutenik ezin uka daiteke, zuzendariak aurreratu duenez: "Hemendik bi urtera bi hamarkada beteko ditugu, eta sekulako ospakizuna prestatuko dugu".
Hogeigarren urteurreneko ospakizunak nolakoak izango diren ez dakigu oraindik, baina bai hemezortzigarrenekoak. Egitarauko hurrengo ekintza asteazken arratsaldekoa izango da; Antonio Mercero aretoan bertan kafe-antzokia egingo dute, 19:30ean hasita. Ostegunean berriz, Miguel de Cervantesen 'El viejo celoso' lana taularatuko dute kultur etxean, 20:00etan.