Musika barrokoarekin emango zaie hasiera XI. Musika Topaketei. Azken urteetan bezala, Danok Kide elkarteak hainbat musikari ekarriko ditu Brigitarren komentura. Lehenengo saioa ostiralean izango da. “Entre donaires y burlas” izeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Honetan, Ivan Morenoren tiorba eta gitarra barrokoaren doinuak jarraituz, Amaia Larrayoz eta Marta Santolaya sopranoak ariko dira.
Moreno etxean
Ivan Moreno herritarrarentzat ez da lehenengo aldia izango gurean. Bere musika ibilbidea herriko musika eskolan hasi zen. Bertan burutu zituen lehenengo musika ikasketak. Ondoren, Donostiako Francisco Escudero kontserbatoriora pasa zen eta han graduatu zen gitarra espezialitatean.
Antzinako musika zuen gustuko lasarteoriatarrak eta bere formazioa sakondu eta jarraitzeko, Madrilera joan zen Barroko garaiko soka instrumentuak jotzen ikastera. Bertan trebatu zen vihuela, laud, gitarra barrokoa eta tiorban. 2013. urtean bukatu zituen ikasketak Federico Moreno Torroba kontserbatorioan. Hainbat emanaldi eskainitakoa da eta berriki, bere lehenengo diskoa grabatu du laud barrokoa oinarri hartuta, ‘Melancholia 1719’.
Sopranoak lagun
Herriko kontzertuan, Amaia Larrayoz Iruñeko sopranoa zein Marta Santolaya bilbotarra izango ditu lagun Morenok. Lehenengoak Madrilen egin zituen kantu ikasketak eta nazioartean hainbat kontzertu eskainitakoa da. Santolayaren kasuan, Errioxan ikasi zuen kantu lirikoa eta egun ‘Juana y Julieta’ haurrentzako antzerkian parte hartzen du besteak beste.
Hirukoteak Brigitarren komentuan eskainiko duen errepertorioari dagokionez, konpositore italiarrek hartuko dute protagonismoa. Kontzertuak bi zati izango ditu eta hauetan Michel Lambert, R. de Visée, Claudio Monteverdi, Barbara Strozzi, Giovanni F. Sances eta J.S Bachen hainbat obra eskainiko dituzte besteak beste. Pieza batzuk abestuak izango dira eta beste batzuetan tiorbak hartuko du protagonismo guztia.
Ohi bezala, sarrera irekia eta doakoa izango da. Hau dela eta, Danok Kide elkartetik herritarrak animatzen dituzte gerturatzea komentura gerturatzea ostiralean 19:30ean.
Antzerkiak
Bestalde, Danok Kidek bi antzerki antolatu ditu arazoaren 13an eta 26an Manuel Lekuonan. Donostiako Teatro Estudiok 50. urteurrena ospatzen du. Ibilbide luzean behin baino gehiagotan izan dira herrian lanak aurkezten eta urteurren honetan ere hala egingo dute bi antzerkirekin: azaroaren 13an 'Ensayo para siete' lana izango da 19:30ean eta 26an, 'Una comedia española'. Hauetara sarrera doan izango da.