Durangoko Azokak 50 urte betetzen ditu aurten eta ekintza pila antolatu ditu bere baitan. Hauetako bat, Kameratoiaren XI. edizioa dugu, non sari berria izango den, TOKIKOM saria.
Kameratoia edo Euskal Herriko Ikus-entzunezko Rallyan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte ahalko dute eta 50 ordu izango dituzte haien ikus-entzunezko lanak aurkezteko. Rallyan parte hartzeko, www.kameratoia.com webgunean eman behar da izena; azaroaren 30a da horretarako azken eguna.
Bi eguneko lana
Parte hartzaileek abenduaren 5ean jasoko dute landu beharreko gaia eta ezaugarrien berri Durangoko Azokako harrera ekitaldian eta, hori bukatu bezain pronto, 50 ordu izango dituzte, gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko, iaz baino bi ordu gehiago, Durangoko Azokaren urteurrenari keinu eginez.
Lehiakideek abenduaren 7an entregatu beharko dituzte bideoak, 14:00ak baino lehen.
Sari banaketa gala, berriz, abenduaren 8an ospatuko da, Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan, Durangoko Zugaza zineman. Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek ondorengo sariak banatuko dituzte: Lehenengo Saria, 1.200 eurokoa izango da; bigarrena, 900 eurokoa eta TOKIKOM saria, 600 eurokoa.
Gizarteratzea
Lehiaketaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, azaldu duenez, “horrek guztiz bat egiten du toki komunikabideok euskarazko edukiak zabaldu eta haien sormena sustatzeko dugun konpromisoarekin”.
TOKIKOM elkarteak irakurtzen ari zaren Txintxarri eta beste 59 toki komunikabide batzen ditu bere baitan. Lehiaketaren oinarriak www.kameratoia.com webgunean daude ikusgai osorik.