Orain arte jokatutako norgehiagoka guztiak galdu ditu Getariako Ketak, baina horrek ez du esan nahi erraz irabazten zaionik. Ostadarrek hori frogatu zuen larunbatean Orioko Mendibeltz zelaian. Amaierako markagailua 1-4koa izan arren, gogotik izerditu zuten Mikel Medina eta Gabi Sanchezen mutilek hiru puntuak Lasarte-Oriara bueltan ekartzeko.
Gogotsu ekin zion norgehiagokari etxeko taldeak, eta berehala jarri zuen lanean Iker Hernando atezaina. Getariakok hiru aukera garbi izan zituen lehenengo minutuetan, baina geldiketa bikainak egin zituen Hernandok. Behar baino tentsio gutxiagorekin atera zen zelaira Ostadar, eta ordaindu zuen hori: 1-0ekoa 10. minutuan sartu zuten etxekoek, alboko falta jaurtiketa batean.
Are gehiago hauspotu zituen Getariakoko jokalariak gol horrek, eta aurreko lerroetan ongi presionatuz Ostadarren jokoa asko zaildu zuten. Horrez gain, kanpokoak urduritu egin ziren kontran gol hori jaso ostean, eta zenbait minutu eman zituzten hiru pase jarraian eman ezinik.
Hasierako erauntsi horri eutsi ostean, Ostadar baloiaren jabe egin zen eta apurka-apurka arrisku gehiagorekin iritsi zen Getariakoren area ingurura. Era berean, etxeko taldeak behera egin zuen fisikoki, ezinezkoa baita hasierako erritmo hori mantentzea 90 minutuetan zehar. Ondorioz, tarteak uzten hasi zen atzeko lerroan, eta lerro arteko pase bikain baten ostean banakoa ezarri zuen Rober Gutierrezek, atezainaren aurrean bikain jaurtiz. Emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.
Ostadarren erreakzioa
Aldageletatik beste jarrera batekin atera zen zelaira Ostadar, hiru puntuak zakuratzeko asmo irmoarekin. Aurrelariak presio bortitza egiten hasi ziren, eta etxeko taldekoen akatsak baliatu zituzten markagailuari buelta emateko.
Protagonista nagusia, nola ez, Gorka Brit. Lehenengo jardunaldietan kamuts ibili zen ate aurrean, apenas eduki baitzuen aukerarik golik sartzeko. Hiru sartu zituen Hernaniren aurka, eta larunbatekoan ere beste hiru sartu zizkion Getariakori, erakutsiz ez zaiola ahaztu golak sartzea.
Nahiko jarraian etorri ziren 1-2 eta 1-3koa, baina horren ostean Getariakok ez zuen amore eman, eta arriskua sortu zuen Hernandoren area inguruan. Dena dela, ezin izan zuten aldea murriztu eta partidua amaitzear zela sekulako gola sartu zuen Britek, zerrendako hirugarrena, Gorka Marcosen pase sakon baten ostean baloia atezainaren gainetik loratuz.
Gauzak horrela, hiru puntu garrantzitsu zakuratu zituzten herriko taldekoek, eta bosgarren dira sailkapenean 13 punturekin. Tolosa Liderra hartuko dute datorren jardunaldian Michelinen.