Gartzia bigarren Zubietan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 31

Zubietako V. Mendi duatloia izan da arratsaldean eta garaipena Julen Larruzearentzat izan den arren, segundo gutxira sartu da Endika Gartzia herritarra.

Giro aparta izan da arratsaldean Zubietako V. mendi duatloian. Guztira 120 parte hartzaile izan dira eta horietatik 8 izan dira emakumeak. Korrikalariek 15:30ean hasita, 5,6 km egin behar izan dituzte lehenengo korrika. Jarraian, bizikletak hartu eta 14,4 km-ko ibilbidea osatu behar izan dute mendi ibilbide malkartsuan eta bukatzeko, 2,3 km lasterka berriz helmuga zeharkatzeko.

Horrela izanda, faboritoek ez dute hutsik egin. Proba hasi aurretik, antolatzaileek garaile ikusten zituzten Julen Larruzea gizonezkoetan eta Aitziber Ibarbia emakumezkoen taldean. Lehenengoak iaz irabazi zuen Zubietako proba baina aurten, bizkaitarraren zuzeneko aurkari ikusten zuten Lasarte-Oriako Endika Gartzia.

Gartzia bigarren

Emaitzak ikusita, esan daiteke antolatzaileek bete-betean asmatu dutela.

Lehia estua izan dute Larruzeak eta Gartziak eta azkenean gutxigatik bigarren urtez jarraian Larruzeak jantzi du txapela. Honek ibilbidea 1:06:26ean egin du eta Gartziak berriz, 1:06:44ko denboran, segundo bakar batzuk atzerago geratuta. Hirugarrena Eneko Gurrutxaga izan da 3 minutu beranduago sartuta.

Nesken kasuan, Ibarbia gailendu da 1:32:00ko denborarekin, emakumezkoetan ere borroka izan da eta Zuriñe Frutos 39 segundo beranduago soilik helmugaratu da. Hirugarren izan da Miren Otzerinjauregi 1:33:10 denbora eginda.

Sailkapenak sailkapen, giro bikaina izan da Zubietan kirolari zein hauen lagun eta senideen artean. Proba honetan ohitura bihurtzen ari den bezala, asko izan dira parte hartu duten herritarrak. Proba hasieran horietako batzuk argazkia ateratzea ere animatu dira.