Irailean bete zuen urte bete Ganbo Iturri elkartearen ‘Elkarbizi’ ekimenak. Hain zuzen, elkarbizitza lantzeko asmoarekin jaio zen egitasmoa. Horrela, gaiaren inguruan hausnarketa egiteko, asko izan dira antolatutako hitzaldiak.
Irailean esaterako, “Euskal seneko balioak elkarbizitzaren alde” gaia landu zuen Enrique Ayerberik. Honek besteak beste, elkarbizitzan auzolanak duen garrantzia azpimarratu zuen.
Urriaren 10ean, “Herrietako bizikidetza saioak: elkarrizketak eta kontrasteak” izenburupean, hainbat hizlari izan ziren euren esperientziak kontatzen, hala nola, Baketik-eko Iker Uson, Tolosako elkarbizitza taldetik Joxe Agustin Arrieta eta Etikartetik Patxi Meabe. Hauen esperientzien gainean gogoeta egiteko aukera izan zuten bertaratutako herritarrek.
Memoria eta ondorioak
Gaur egitasmoaren baitako beste hitzaldi bat izan da Ganbo Iturrik Kale Nagusian duen egoitzan. Joxan Rekondo elkarteko kideak “Euskal Gizartearen memoria eta erresilientzia indarkeriaren aurrean” izenburupean aritu da. Natxo Izetaren aurkezpenaren ostean, Rekondok hainbat ideia plazaratu ditu taldean gogoeta egiteko.
Erresilientzia hitzaren esanahiari dagokionez, kontrako edota indarkeria esperientzia batetik kalterik gabe ateratzeko gaitasuna ez ezik, esperientzia horretatik ikastea eta hobetzea da.
Hala ere, bestelako gogoetatik abiatu da Rekondo, hain zuzen, euskal gizartea gaixo dagoenaren baieztapenetik.
Izan ere, asko izan dira honakoa defendatu dutenak bere hitzetan. Hau esateko “gaixotasunaren ideia defendatzen dutenek diote euskal gizartea modu aktiboan edo pasiboan aritu dela biolentziaren aurrean. Batzuek ez dute ezer egin ETAren indarkeriaren aurrean eta beste batzuek, berriz, isiltzea erabaki zuten GAL edota bestelako talde paramilitarrek eragindakoaren aurrean. Azalpen honekin, gizartearen bi aldeen ardura morala azpimarratzen da gatazkaren baitan”.
“Horrela bada, gizarte osasuntsua eraikitzeko zer egin behar den aztertu behar da memoria kolektibo bat eraiki eta belaunaldi berriei pasatzeko” esan du.
Hizlariak, gertatutakoaren errelatoa egitearen garrantzia azpimarratu du, “ideologia sozial baten eraketa, ondorengo belaunaldiek inolako indarkeria eredurik onar ez dezaten”.
Euskal gizartean autokritikarako beharra dagoela nabarmendu eta hau burutzeko, adostu beharreko, baldintza etiko-moralak zehaztea beharrezkotzat jo du besteak beste. Ohi bezala, saioan zehar bertaratutakoek gogoetak zein galderak egiteko aukera izan dute.