Lautik lau Partizipazio juniorrentzat

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 30a

Lau jardunaldi, lau garaipen. Ezin hobeto ekin diote denboraldiari Ostadar SKTko Partizipazio juniorrek. Kiroldegian eskuratu zuten 4. garaipena Saskiaxular taldea 56-35 mendean hartuz, iragan larunbatean. Bera Beraren aurka ariko dira bihar Donostian, 18:00etan.

Lehenengo laurdenetik erakutsi zuten Endika Marrahik entrenatutako neskek zergatik dauden sailkapeneko lehenengo postuan. Defentsan fin ibili ziren, baloi guztiak borrokatzen, eta are finago erasoan. Baloia kantxako alde batetik bestera mugituz beti topatu zuten taldekideren bat jaurtiketa egiteko posizio onean. Gauzak horrela, berehala ihes egin zuten markagailuan 10 puntu baino gehiagoko aldea lortuz.

Saskiaxular taldekoen erreakzioa etorri zen bigarrenean. Zonakako defentsa egiten hasi ziren, etxekoei presio ona eginez; Marrahiren jokalariek ez zituzten hain erraz lortu saskiraketak. Defentsa horren aurrean kanpotik jaurtiketa gehiago egin zituzten Ostadarreko neskek, baina ez ziren oso fin ibili eta ezin izan zuten markagailuko aldea handitu. Esan behar da defentsa lanetan ongi aritu zirela bigarren laurdenean, eta puntu asko sartu ez arren kontran ere ez zituztela asko jaso.

Alor fisikoa, gakoa

Hirugarren laurdena bigarrenaren antzekoa izan zen, kanpoko taldeak zonakako defentsa mantendu zuen eta Ostadar azkar jokatzen saiatu arren arazoak izan zituen saskiraketak lortzeko.

Laugarrenean aldiz, Ostadar SKT izan zen jaun eta jabe. Fisikoki hobeto iritsi ziren partiduaren amaierara, aurredenboraldiko lanaren ondorioz. Gauzak horrela, lehenengo laurdenean bezala jokatu zuten Endika Marrahiren neskek eta, orduan bai, markagailuan ihes egin. Bukaeran, 56-35 etxeko taldearentzat eta beste bi puntu poltsikoan. Zortzi erdietsi dituzte lau jardunalditan, eta lider dira sailkapenean. Bera Beraren aurka ariko dira bihar Donostian, 18:00etan. 

Asteburuko emaitzak

Sasoi berria espero ez bezala hasi arren, 3. probintzialeko senior mutilak bolada onean dira orain, azkenengo bi partiduak irabazi baitituzte. Joan den igandean 58-31 garaitu zuten Askatuak, kiroldegian.

Errendimenduko juniorrek berriz, denboraldiko lehen porrota jaso zuten Askatuak taldearen kantxan, 40-38. Azkenik, kadeteen Errendimendu eta Partizipazio kadeteek galdu egin zituzten euren neurketak, 79-60 Easoren aurka eta 33-52 Beasainen kontra hurrenez hurren.