Oraingoan ere ez

Gorka Lasa 2015ko urr. 30a, 09:41

Ongi gosaltzea gauza garrantzitsua da, baina azken urteotan bezperako ogiarekin zopak egin eta katilukada bat esne hartzen dut. Bazkaldu,  berriz, arrozez edo pastaz eginiko plater bakarra. Eta afaltzeko, tortillatxo bat, edo urdaiazpiko egosia inongo lagungarri edo hornidurarik gabe. Edateko, tristura hau irensten laguntzen didan iturriko ura. 

Hozkailuko atea irekitzen dudan bakoitzean bertako hustasunak penaz betetzen du nire barnea. Egia esan, eguneko otorduak egiteko adina jaki bakarrik dago, doi-doi. Etxerako erosketa saskia betetzea oso garestia baita, eta betetzea ezinezkoa, noski. 

Ohitura ederra nuen, auzoko tabernan kafe bat hartuz, ogiarekin batera erositako egunkaria irakurtzekoa. Orain, berriz, kafea hartzeari eta egunkaria erosteari utzi diot.

Irratirik eta telebistarik ez dut etxean; bigarren eskuko azoka batean saldu nituen. Egon-gelatik sukaldera edo komunera ilunpetan noa ahalik eta argi-indar gutxien gastatzearren; eta dutxatu, berriz, astean bi aldiz ur hotzez. 

Bi kamiseta, bi alkandora eta bi jertse jantzita egiten diot neguari aurre. Honekin guztiarekin nahikoa ez badut, ohean sartu eta hantxe igarotzen ditut orduak hurrengo goizean egunak argitu arte. 

Bi urte dira jada lanik gabe geratu nintzela, eta bizitzan denak egin du gora, nire hileroko diru sarrerak izan ezik. Bihar hil bukaera da, kontuak egiteko garaia; baina kontuak ondotxo atereak ditut dagoeneko; oraingoan ere ez naiz iritsiko.