Azarorako kultur agenda oparoa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 29a

Azaroan zehar denetariko eskaintza izango da Manuel Lekuonan. Zinea, antzerkia, musika eta erakusketak izango dituzte herritarrak aukeran. Tartean izango dira Lan eta Lan antzerki taldearen 18 urteak ospatzeko ekintza bereziak, XII. Akordeoi jaialdia edota Jalgune elkartearen urteko jaialdia. Udal ordezkariek aspertzeko tarterik ez dela izango nabarmendu dute.

Manuel Lekuonan egindako agerraldian aurkeztu dute udal ordezkari zein kultura saileko arduradunek Azaroan zehar herrian egongo den kultur agenda. Maite Iglesias Kultura zinegotziak nabarmendu du “egitarau oparoa prestatu dugu, anitza eta adin tarte guztiei zuzendutakoa. Ez da herrian aspertzeko tarterik izango”.

Horrela izanda, zine saioez gain, musika eta antzerkiak hartuko du bere lekua hilabetean zehar.

Zinea

Asteburu honetan, igandean haurrentzako 'Pinocho y su amiga Coco' filma izango da 17:00etan. Jarraian, helduei zuzenduta, 'El Desconocido' 19:30ean. Azaroaren 6an, Okendo Zinema Taldearen zine forumean 'Amama' filma ikusi ahalko da 22:00etan. Hau euskaraz eskainiko da gazteleraz azpititulatua. Azaroaren 8an, haurrentzat 17:00etan 'Minusculos' emango da eta helduen saioan 'Amama' ikusteko aukera izango da. 15ean, euskaraz haurrentzako 'Asterix, Jaingoikoen egoitza' eskainiko da eta helduen saioan berriz, 20:00etan 'Everest'.

20ko zine forumean 'Irrational Man' ikusiko da 22:00etan eta 22an aukera izango da hau berriz ikusteko igandeko ohiko saioan 19:30ean. Haurrek 22an 'Ups! ¿Donde esta Noe?' ikusi ahalko dute 17:00etan. Azaroko azken igandean, 'Capitan dientes de sable' pelikula izango da haurren saioan eta helduenean 19:30ean 'Marte (The Marthian)'.

Antzerkia

Herriko Lan eta Lan antzerki taldearen 18. urteurrena dela eta ekintza sorta berezia antolatu da azaroko lehenengo asteetan. Astelehenean bertan, taldeak erabilitako jantzi eta atrezzoarekin osatutako erakusketa zabalduko da Mercero aretoan. 18:00etan izango da irekiera ekitaldia eta antzerki taldekoek poema errezitaldia eskainiko dute. Asteazkenean, azaroak 4, kafe-antzokia egingo dute Merceron 20:00etan. Taldeak 'El viejo Celoso' lana ere antzeztuko du ostegunean, azaroaren 5ean, 20:00etan, Manuel Lekuonan. Sarrera doakoa izango da. Ekintza egitaraua borobiltzeko, 7an, larunbata 19:30etan, “El cianuro ¿solo o con leche” lanaren irakurketa dramatizatua egingo dute Lan eta Lan-eko kideek. Sarrera 3 eurokoa izango da.

Bestalde, Donostiako Teatro Estudiok 50 urte betetzen ditu eta Danok Kideren eskutik, herrian bi lan taularatuko dituzte, azaroaren 13an 19:30ean 'Ensayo para siete' eta 26an, ordu berean, 'Una comedia española' bi saiotara sarrera doan izango da. Hilabete honetan haurrentzako antzerkia ere izango da. Kasu honetan, Gorakada taldearen 'Moby Dick' izango da azaroaren 21ean. Sarrera 3,80 eurokoa izango delarik. 27an genero indarkeriaren aurkako antzerkia izango da Makelur antzerki taldearen eskutik '9 mosaicos infinitos' lanarekin.

Musika

Danok Kideren Musika Topaketen hasiera izango da azaroaren 6an. Lehenengo kontzertuak musika barrokoa izango du ardatz 'Entre donaires y burlas' 19:30ean komentuan doan. Azaroaren 14an XII. Akordeoi Jaialdia izango da. Honetan arituko dira Zero Sette, Eric Bouvelle eta Mirari Etxeberria besteak beste. 19:00etan hasiko da eta sarrera 3 eurokoa izango da. Musika eskolako ikasleek, Santa Zezilia kontzertua eskainiko dute azaroaren 19an 19:00etan eta 21ean, 'Una tarde con Puccini' operaren bertsio digitalaz gozatu ahalko da.

Gainerakoan, bigarren erakusketa bat izango da azaroaren 17tik 26ra Mercero gunean, 'El sexo oculto del dinero' eta honen baitan 'Larre Motzean' dokumentala eskainiko da.

Bi ipuin kontaketa izango dira 18 eta 25ean eta azaroaren 28an Jalgune elkarteak bere urteroko jaialdi koloretsua egingo du Manuel Lekuonan 18:30ean. Herritarrak animatu dituzte ekintzetan parte hartzera.