Lautik lau Partizipazio juniorrentzat

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 24a

Lau norgehiagoka, beste hainbeste garaipen. Ezin hobeto ekin diote denboraldiari Ostadar SKTko Partizipazioko Juniorrek. Saskiaxular hartu dute mendean gaurkoan Lasarte-Oriako Kiroldegian, 56-35.

Lehenengo laurdenetik erakutsi dute Endika Marrahik entrenatutako neskek zergatik dauden sailkapeneko lehenengo postuan. Defentsan fin ibili dira, baloi guztiak borrokatzen, eta are finago erasoan: baloia kantxako alde batetik bestera mugituz beti topatu dute taldekideren bat jaurtiketa egiteko posizio ezin hobean. Gauzak horrela, berehala ihes egin dute markagailuan 10 puntu baino gehiagoko aldea lortuz.

Saskiaxular taldekoen erreakzioa etorri da bigarrenean. Zonakako defentsa egiten hasi dira, etxeko taldekoak ongi presionatuz eta Marrahiren jokalariek ez dituzte hain erraz lortu saskiraketak. Defentsa horren aurrean kanpotik jaurtiketa gehiago egiten hasi dira Ostadarreko neskak, baina ez dira oso fin ibili eta ezin izan dute markagailuko aldea handitu. Esan behar da baita ere defentsa lanetan ongi aritu direla bigarren laurdenean, eta puntu asko sartu ez arren kontran ez dituzte saskiraketa asko jaso. 25-13ko markagailuarekin iritsi dira atsedenaldira.

Alor fisikoa, gakoa

Hirugarren laurdena bigarrenaren antzekoa izan da, kanpoko taldeak zonakako defentsa mantendu du eta Ostadar azkar jokatzen saiatu arren ez dira guztiz fin aritu, Endika Marrahi entrenatzailearen hitzetan. Dena dela, laurden horretako partziala ere etxekoentzat izan da.

Laugarrenean aldiz, Ostadar SKT izan da jaun eta jabe. Fisikoki hobeto iritsi dira partiduaren amaierara, aurredenboraldian egindako lanaren ondorioz. Gauzak horrela, lehenengo laurdenean erakutsitako jokoa egin dute Marrahiren jokalariek, eta orduan bai, markagailuko aldea are gehiago handitu. Bukaeran, 56-35 etxeko taldearentzat eta beste bi puntu poltsikoan. Zortzi erdietsi dituzte lau jardunalditan, eta lider dira sailkapenean. Bera Bera Ulia taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak datorren asteburuan. Atseden hartzea dagokie orain.