Ostadar SKTk jubenil mailan dituen bi taldeek garaipen oso garrantzitsuak eskuratu dituzte gaur Michelingo zelaian. Jubenilen Ohorezko Mailakoek 3-0 garaitu dute Allerru, eta 1go jubenil mailakoek berriz 1-0 hartu dute mendean Santo Tomas Lizeoa.
Berdegunean erakutsitakoa eta sailkapenak esaten duena ez dira proportzionalak Javi Solchagak eta Ibai Etxaidek entrenatzen duten taldearentzat. Joko ona eta planteamentu ausartak egin dituzte orokorrean, baina seguruenik merezi baino puntu gutxiago dituzte sailkapenean. Gaur eskuratu dituzten hirurei buruz behintzat, inork ezingo du esan merezitakoak izan ez direnik. Erasora atera da etxeko taldea, baloia eduki eta azkar mugitzera, eta zenbait fasetan espero bezain ondo jokatu ez arren, nortasuna eta irabazteko gosea erakutsi dituzte. Eduki dute aukera garbiren bat edo beste, Andoni Diezek zutoinera egindako jaurtiketa bat kasu. Hala ere, hutsean iritsi dira atsedenaldira. Lezoko Allerruk ere erakutsi ditu bere armak, eta estu hartu du etxeko taldea hainbat jokalditan, nahiz eta aukera oso garbirik ez eduki lehenengo zatian.
Bigarrena hasi eta berehala jarri da aurretik Ostadar; jokaldi eta erdiraketa bikaina egin du Andonik, eta Pablo Ramak ate barrura bidali du baloia. Ezin hobeto jarri zaio norgehiagoka etxeko taldeari, baina kanpokoek ez dute amore eman eta berdinketaren gola bilatzen hasi dira. 70. minutuan eduki du aukera garbiena Allerruk, alboko falta jaurtiketa batean. Erdiraketa eta errematea bikainak izan dira, baina langarekin egin du topo kanpoko taldeko jokalariak. Zortea ere aldeko izan du gaurkoan Ostadarrek. Handik gutxira jokalari bat gutxiagorekin geratu da kanpoko taldea, eta Ostadarrek hori baliatu du norgehiagoka erabakita uzteko. Bereziki aipagarria izan da Andoni Diezek egindako jokaldia hirugarren golean, Allerruko hainbat jokalari atzean utzi ostean baloia ate barrura bidaliz. Bigarren golaren pasea ere hark eman du, partidu biribila eginez. 10. postuan dira orain Solchaga eta Etxaideren mutilak, 7 punturekin.
Ohorezko mailakoen garaipena garrantzitsua izan bada, 1go mailako jubenilek lortu duenak ez du gutxiago balio. Santo Tomas Lizeoa hartu dute mendean Ivan Manzanoren jokalariek, Gorka Arroyok 40. minutuan sartutako golari esker. Zelai erdian egindako jokaldi on baten ostean, atezainaren aurrean geratu da Arroyo eta ez du barkatu. Bigarren zatian eduki ditu aukerak herriko taldeak aldea handitzeko, baina markagailua ez da gehiago mugitu. Sailkapena bai, ordea; hirugarren postuan ziren donostiarrak partiduari ekin aurretik, eta Ostadarrena da postu hori orain, gaurko 3 puntuekin 10 baitituzte guztira.
Erregionalen atzera pausoa
Aukera polita zuen gaurkoan Ohorezko Erregionalak goiko postuetan jarraitzeko, sailkapeneko hirugarren postuan dagoen Mutriku etorri baita Michelinera. Itxura oso ona eman dute Mikel Medina eta Gabi Sanchezen mutilek, lehenengo zein bigarren zatiko hainbat fasetan, baina 3 puntuak kanpoko taldeak eraman ditu.
Horrelakoa da futbola askotan, etxeko taldeak gehiago merezi arren esku hutsik joan baita aldagelara. Golen bat edo beste sartzeko adinako abaguneak eduki ditu, baina Mutrikuko atezainak lan bikaina egin du, meritu handiko geldiketak eginez. Era berean, Mutrikuk ere zutoinarekin birritan egin du topo lehenengo zatian. 0-0ekoarekin iritsi dira atsedenaldira. Zelaian erakutsitakoagatik, berdinketa zen emaitza justuena.
Bigarren zatian golaren bila jarraitu dute bi taldeek, eta Mutrikuk lortu du markagailuan aurreratzea, alboko falta jaurtiketa batean. Horren ostean, atzera egin du apur bat kanpoko taldeak, defentsa indartu eta baloia berreskuratzerakoan bizkor ateratzeko kontraerasora. Etxeko taldeak berriz, baloiaren jabetza lortu eta berdinketa bilatu du hamaika modutara, baina ezin izan du banakoaren gola sartu eta denboraldiko hirugarren porrota erdietsi du. Gauzak horrela, sailkapenaren erdialdean daude Medina eta Sanchezen jokalariak, 10 punturekin.