Nori ez zaio gertatu urtebetetze egunean oso gustukoa ez den opariren bat jasotzea? Horixe bera gertatu zaio gaurko antzezlaneko protagonista nagusiari, zapatila gorridun mutikoari. Gurasoek futbolean aritzeko oinetako pare bat oparitu diote, baina mutikoak ez du atsegin kirol horretan aritzea. Nahiago ditu bestelakoak diren beste jarduera batzuk egin, rock izar baten gisara mozorrotu eta batez ere, dantzan aritu. Hori egiteko baina, futboleko oinetakoak bainoago zapatila gorriak eduki behar ditu oinetan mutikoak, horiek jantzitakoan lortzen baitu ingurukoaz ahaztu eta benetan hark nahi duena egitea.
Tolerantzian eta aniztasun sexualean oinarritutako antzezlana da Ados Teatroak gaur arratsaldean oholtzaratu duena, eta 4 urtetik gorako gaztetxoei dago zuzenduta. Herritarrek ez dute hutsik egin gaurkoan, eta lepo bete dute Manuel Lekuona kultur etxea.
Suberriren kontzertua San Pedro elizan
Suberri akordeoi taldeak kontzertua eskaini du gaur arratsaldean San Pedro elizan, bertara gerturatu direnen gozamenerako. Taldeko bazkideei zuzendutakoa izan da emanaldia, eta Elias Goikuriak zuzendutako musikariekin batera Donostiako Aita Donostia koruko kideak aritu dira, emanaldi bikaina eskainiz.
Behin baino gehiagotan aritu dira bi talde horiek elkarrekin, baina gaurkoa izan da Lasarte-Orian batera aritu diren lehenengo aldia.