Mugarik gabeko festa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 25a

Aurtengoan ez dio mugarik jarri Ostadar SKTk XV. Korrika Festako parte-hartzaile kopuruari, eta orain arteko marka guztiak hautsi dituzte: 2000 eta 2009 urteen artean jaiotako 950 gaztetxok egin dute lasterka Geltoki kalean, giro ederrean.

Nagusien Krosa eta ondorengo sari banaketa amaitu bezain pronto hasi da XV. Korrika festa. Hankei eragiteko gogo biziz iritsi dira 5 eta 14 urte arteko neska-mutilak irteera lerrora. Lanak izan dituzte Ostadarreko kideek ordena mantentzeko, lasterka hasteko irrikitan baitzeuden gaztetxo guztiak.

Ohi bezala, adinen arabera banatu dituzte antolatzaileek lasterkari guztiak, eta horrela aritu dira korrika Geltoki kalean barrena, guraso, lagun eta ikusle guztien txalo eta animoak jasoz.

Gaztetxoenek ez diote birarik eman behar izan kaleari, Frutas Ruiz parean hasi eta helmugara joan dira zuzenean. Adinez koxkortuago dauden neska-mutilek aldiz bat, bi edo hiru bira eman dizkiete, jaiotza urtearen arabera.

Urtero gertatzen den moduan, izan da erorikoren bat edo beste, baina orokorrean arazorik gabe bete ahal izan dute ibilbidea haurrek. Denek jaso dute ikusleen berotasuna, baina azkeneko postuetan sailkatutakoek txalo-dosi extra bat jaso dute, ohikoa den moduan.

Egindako ahaleginaren ordaina, helmugan

Hainbat eta hainbat neska-mutilek irribarretsu egin dute lasterka Korrika festan, baina helmugara iristean are gehiago zabaldu zaie, bertan zain baitzeuzkaten Jalgune elkarteko lagunek prestatutako irabiaki, ur botila, fruta eta indarrak berreskuratzeko beharrezko guztiak. Horrekin batera, domina bat jaso dute parte hartzaile guztiek egindako ahaleginagatik.

Era berean, lasterketa bakoitzean lehenengo postuetan iritsitako gaztetxoek garaikurrak jaso dituzte antolatzaile eta babesleen eskutik. 

XV. Korrika Festako argazki galeria: http://txintxarri.eus/galeria/736/