Eskoletan kirola sustatuz

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 27a

Lasarte-Oriako Udalak eta herriko ikastetxeetako Guraso elkarteek eskola kirolaren jardunari buruzko hitzarmena sinatu zuten atzo.

Hitzarmen honek berrikuntza bat dakar, Udalaren eta ikastetxeen artean egitura berri bat sortuko da.

Honi esker, ikastetxe bakoitzeko kirol-teknikariekin lan egingo duen kirol-koordinatzaile baten bidez, ikastetxean kirolean jarduteko egitura espezifiko bati eustea bermatzen da.

Ikastetxeek, teknikariek prestakuntza eta teknifikazio jardueretan parte har dezaten bultzatu beharko dute. Gainera,kirol jardunean euskararen erabilera sustatze aldera, ikastetxeetako agenteak elebidunak izan daitezen saiatuko dira. 

Ikastetxeek konpromisoa hartzen dute Udalak eskola kirola kudeatzeko sortu duen egitura lokalean parte hartzeko. Horrez gain, ikasturte bakoitzean jarduera egitarau bat antolatuko dute, Foru Aldundiak ezarritako programaren ildoen arabera.

Era berean, kirol elkarteekiko lankidetza erraztu beharko dute, haurren kirol jarduna bultzatzeko, bai eskola garaian baita eskola garaitik kanpo ere. 

Udalak konpromisoa hartzen du ikastetxeko kudeaketarako egitura lokala sortzeko, eta honen sorkuntza, garapena eta kontsolidazioa gainbegiratuko ditu. Halaber, programa garatu dadin, udalaren instalazioak erabili ahal izango dira.

Gainera, Lasarte-Oriako ikastetxeek adostutako irizpideen arabera, eskola kirola aurrera eramateko ikastetxeak diruz lagunduko ditu.