Ostiral arratsaldeko bostetan denboran atzera egingo du Lasarte-Oriak, ‘Hippy azoka’ delakoa inauguratzearekin batera. Okendo plazan egingo da garai horietan girotutako ekitaldia, asteburu osoan zehar. Udaleko Kultura sailak antolatu du azoka, Bacan enpresarekin elkarlanean. Aurreko urteetan ere ospatu izan da azoka, baina hainbat mendeko jauzia egin dute aurten, Erdi Aroa atzean utzi eta azoka 70. eta 80. hamarkadetan girotuz.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, adin guztientzako azoka izango da asteburu honetakoa. Haurrentzako prestatu dituzten ekitaldien artean nabarmentzekoak dira Charly pailazoaren eta Nacho magoaren emanaldiak, globoflexia tailerra, aipatutako bi hamarkadetan girotutako ‘Flower Power’ tailerrak edota haur jolas tradizionalak, duela 20-30 urtetakoak. “Gaur egungo belaunaldi gazteei erakutsi nahi diegu zeinen ondo pasatzen genuen jolasean, bideojoko zein telefono mugikorrik gabe”, azpimarratu du Jorge Basterretxea Bacan enpresako kideak.
Helduek ere izango dute nola dibertitu ostiralean hasiko den azoka horretan. Esaterako, garaiko abesti ezagunenak abesteko aukera edukiko dute ‘Power’ karaokean, eta ostiral zein larunbat iluntzean (ordua zehazteke dute oraindik) bi pelikula mitiko proiektatuko dituzte Okendon bertan: ‘ET’ eta ‘Los Goonies’. “Familia osoarentzat plan egokia da, gure seme-alabek ikus dezaten zeintzuk film ziren arrakastatsuak gure garaian”, aipatu du Basterretxeak.
34 artisautza postu
Horrez gain, probintzia ugaritatik etorritako 34 artisautza postu etorriko dira azokara asteburuan. Herritarrek, hortaz, aukera paregabea edukiko dute hainbat produktu ikusi eta erosteko. Horietako batzuk elikaduraren alorrekoak izango dira: kontserbak, gazta, likoreak eta Galiziako olagarroa, besteak beste. Gainontzekoak berriz, era askotako osagarriak (erlojuak, lanparak, bitxiak, zapatak, etab.) edota estetika alorrekoak (ukenduak, depilazioa…).
Okendo plazan edukiko dituzte ikusgai postuak herritarrek, eta horien artean ibili bitartean 70. zein 80. hamarkadako musika entzungo dute, antolatzaileek hori baliatuko baitute azoka girotzeko.
Jesus Zaballos alkateak azokara hurbiltzera gonbidatu ditu herritarrak: “Espero dugu lasarteoriatarrek garai horiek gogoratzea eta hiru eguneko azokaz gozatzea, antolatu diren ekintzetan parte hartuz”.
Egitaraua
Ostiral arratsaldean inauguratuko da Hippy azoka, eta hiru egunez hamaika ekintzaz gozatuko dute herritarrek.
- Ostirala
17:00etan inaugurazioa. ‘Charly showman’ artistak emanaldia eskainiko du, eta horrez gain globoflexia tailerra eta paraxutekin jolasak antolatu dituzte haurrentzat. Aipatutako 34 postuak ere orduan zabalduko dituzte.
Iluntzean ‘ET’ pelikula proiektatuko dute Okendo plazan bertan (ordua zehazteke dute oraindik).
- Larunbata
11:00etan azoka irekiko dute.
12:00etan hasita gaztetxoenentzako hainbat joko (zaku lasterketa, haur sokatira, koilara lasterketa, piñata, eta abar).
17:00etan azokaren irekiera arratsaldean.
18:00etan ‘Power’ karaokea, 70. eta 80. hamarkadetako abestiekin.
Iluntzean ‘Los goonies’ filmaren emanaldia Okendo plazan (ordua zehazteke).
- Igandea
11:00etan azokaren irekiera goizean.
12:00etan hasita haurrentzako tailerrak plazan kokatutako karpetan. Era berean, ‘Flower Power’ photocall-a egingo dute, eta baita garaiko hainbat produktu egiteko tailerrak ere: ‘Maitasuna eta bakea’ txapak, 70. eta 80. hamarkadetako giltzatakoak eta beste hainbat.
17:00etan azokaren irekiera arratsaldean.
18:00etan ‘Power’ karaokea, 70. eta 80. hamarkadetako abestiekin.
Itxiera ‘Charly Showman’-en emanaldiarekin.
Oharrak: azokak iraun bitartean Nacho magoak hainbat magia trikimailu egingo ditu, hiru egunetan zehar. Bestalde, puzgarrietan zein adimen-jokoetan jolasean aritzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek azokak iraun bitartean. Azkenik, antolatzaileek ohartarazten dute egitarauko ordu eta ekitaldiak aldatu egin daitezkeela, sortzen diren beharren zein eguraldi txarraren arabera.