II. BAI Topaketak azaroan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 29a

Elkarbizitza, herrigintza eta autogintza eta hondakinen kudeaketa jorratuko dira II. BAI Topaketetan, azaroaren 12, 19 eta 26an, arratsaldeko 18:30etik 20:30era, Villa Mirentxuko hitzaldi aretoan.

1979 urtetik 2013 urtea bitarteko zinegotzi abertzaleek osatutako BAI plataformak antolatutako hitzaldi sorta honek bere bigarren edizioa du. Atzo Boris Nogales zinegotzi ohiak aurtengo egitaraua aurkeztu zuen.

Topaketa hauen helburuak agerraldian azaldu moduan bi dira. “Bizikidetza berritu beharrean: batetik, etxeko biktimak oroitzea eta bakea egitea legokiguke indarkeriek ekarri duten menpekotasun garratz horretatik askatzeko. Ba dago zer hobetzea bizikidetasunaren eremu horretan, gure jatorrriko aniztasun aberatsa kamustu gabe. Beste aldetik, Lasarte-Oriako ekonomiaren egoera txarra da. 1500etik gorako langabetuen aurrean, lidergo kooperatiboa behar dugu. Udala, gizarte eragile eta bertako ekintzailak batera jartzea helburu duen ekinbide indartsua”.

Hiru mintegi

Gai hauei eta Zubietan jartzekoa den erraustegiari buruzko gogoeta egin nahian hiru mintegi antolatu dituzte.

Lehenengoan, Maribel Vaquero, Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusia elkarbizitzari buruz mintzatuko da. 

Azaroaren 19an, Abertzaletasuna XXI. mendean gaia jorratuko du Xabier Barandiaran soziologoak. 

Eta azkenik, Javier Ansorena Minerrek Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren gaia landuko du.
Abertzaletasunaren hitzaldia izan ezik, besteak gazteleraz izango direla azpimarratu zen mintegien aurkezpenean. Hala ere, galdera eta erreguak norberak nahi dituen hizkuntzan egiteko aukera izango duela adierazi zuten. 

Plataformako kideek herritarrak gonbidatzen diztuzte hauetan parte hartzera.