LOKEko judokak ederki asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 13a

Irungo Super Kopan aritu ziren Asier Sagasti, Esteban Martinez eta Josu Olmos seniorrak asteburuan eta lan txukuna burutu zuten; brontzezko domina kolkoratzeko zorian egon ziren lehenengo biak eta 7. izan zen Olmos. Ander Garrido eta Yeray Mendibe kadeteak berriz Vigon aritu ziren, baina ezin izan zuten borrokaldirik irabazi.

Lan txukuna egin zuten LOKEko judokek pasa den asteburuan. Senior mailako Esteban Martinez, Asier Sagasti eta Josu Olmos Irungo Super Kopan aritu ziren lehian; Ander Garrido eta Yeray Mendibe kadeteak berriz Vigora (Galizia) joan ziren.

Brontzezko domina kolkoratzeko zorian egon ziren Martinez eta Sagasti, baina borrokaldi erabakigarriak galdu zituzten. Horren aurretik maila bikaina erakutsi zuten biek; hiru borrokaldi irabazi zituen Martinezek 'ipon' bidez eta puntuazio altuena erdietsiz, eta Sagastik bi borrokaldi irabazi eta beste bat galdu. Josu Olmosek ere txapelketa txukuna burutu zuen, 7. postua eskuratuz.

Kadeteek ez zuten zorterik izan Vigon, Ander Garridok zein Yeray Mendibek ez baitzuten borrokaldirik irabaztea lortu. Berria da kategoria bientzat, eta nabaritu zuten hori pasa den asteburuan.

Denboraldia hasi dute beraz LOKEko judokek, eta hainbat hitzordu dituzte hemendik aurrera: Oviedon, Salamancan, Valladoliden, Burgosen... Orain arteko lan txukunarekin jarraitzea espero dute eta ahal den heinean orain arteko emaitzak hobetzea ere bai.