Datorren astelehenean, urriaren 19an hasiko da Aterpearen 'Bezeroaren Hamabostaldia' izeneko kanpaina eta 30ean bukatu. Tarte horretan herriko merkatarien elkarteko kide diren dendetan erosketak egiten dituztenek mota askotako deskontu-txartel eta opariak eskuratu ahalko dituzte, Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek azaldu moduan.
Manuel Lekuona kultur etxean ikuskizunak ikusteko sarrerak, 2 eta 3 euroko deskontu-txartelak...eta Aterpeako komertzio bakoitzak prestatutako zenbait eskaintza berezi. Aldaz Hortz Klinikak doako azterketa bat eskainiko du X izpiak eta garbitasuna barne; Arkupe tabernak rabioli pintxo bat eta ardo txuri bat doan; fular bat oparituko dio Alba modak 30 euro baino gehiagoko erosketa egiten duen bezero bakoitzari; Aritza Mertzeriak %10eko deskontua egingo du 10 euro baino gehiagoko erosketetan; Noaoa bidaiak spa baterako sarrera eskainiko du doan; Sukoa burdindegian sukaldeko uleak %15 merkeago salduko dituzte; Josema sarraila-dendan %20ko deskontua izango dute produktu guztiek; Ormazabal loradendak %10 merketuko ditu dekorazio eta modako artikulu osagarriak eta Martin Berasategi jatetxeak bi pertsonentzako afari bat oparituko du.
Eskaintza horiez guztiez gain, 300 euroko txeke bat zozketatuko du Aterpeak. Hastear den kanpainan zehar elkarteko dendetan erosten duten guztiek hartuko dute parte. Irabazlea nor den erabakitzeko ONCEk hilaren 31n egingo duen zozketa erabiliko dute erreferentzia gisa. Aterpeako komertzioetako bezeroaren txarteleko azken lau zenbakiek bat etorri beharko dute ONCEren zozketaren irabazlearenekin.
Kanpaina aurkeztu ostean eskerrak eman ditu Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek. Lasarte-Oriako Udala (Sozioekonomia eta Kultura Batzordeak batez ere), kanpainan parte hartuko duten komertzioak eta Martin Berasategi sukaldaria izan ditu gogoan.
Beatriz Juez Sozioekonomia Batzordeko buruak hartu du hitza ondoren, eta azpimarratu du “herriko merkataritza sustatzeko ekintza garrantzitsua” dela Bezeroaren hamabostaldia: “Aterpeak urtean zehar burutzen dituen ekintzen artean garrantzitsuenetako bat da”. Era berean, Kultura Batzordeari eskerrak eman dizkio haiekin elkarlanean aritzeagatik.