Urri hasieran Udaleko Gazteria eta Festak Batzordea eta herriko hainbat konpartsa bildu ziren datorren urteko Inauterietako gaia zehazteko helburuarekin. Gaur eman du Udalak erabakiaren berri: 'Itsasoa' izango da gaia.
Otsailaren 6a bitarte denbora dute herritarrek mozorroak pentsatzen eta prestatzen hasteko. "Egun batez itsasoak herriko kaleak ureztatzea espero dugu; herritarrak ekintzetan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditugu", adierazi dute antolatzaileek. Era berean, norberaren balkoi eta leihoak koloretako oihal, globo zein gai nagusiarekin lotutako osagarriekin apaintzera animatzen dituzte lasarteoriatarrak.
Bestalde, Ttakun Kultur Elkarteak herriko hainbat eragilerekin batera urtero antolatzen dituen Euskal Inauteri tradizionalak otsailaren 7an ospatuko dira.