Gipuzkoako Bertso Txapelketako finalerako sarrerak salgai Jalgi tabernan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 19a

Herrikoak diren bertsozaleek Jalgi tabernan eros ditzakete GBT Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak 20 euroren truke; asteazken honetatik hasita, azaroaren 20a izango da sarrerak eskuratzeko azken eguna (egun hori barne). Abenduaren 19an jokatuko da final handia, Donostiako Illunben.

Asteazken honetan jarriko ditu salgai Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak GBTren final handirako sarrerak. Interneteko atariaz gain, herri desberdinetako hainbat gunetan ere egongo dira salgai. Lasarte-Oriaren kasuan, Jalgi tabernan eskuratu ahalko dituzte txartelak interesa dutenek, 20 euroren truke. Azaroaren 20a izango da sarrerak erosteko azken eguna, hura barne.

Elkarteak jakinarazi du herrietako guneetan ez direla salduko gaztetxoen zein Bertsozale Elkarteko bazkideen sarrerak, 20 euroko prezioa dutenak soilik. Jalgin ere horrela egingo dute.

Abenduaren 20an zen jokatzekoa final handia, baina Espainiako hauteskunde orokorrak egun horretarako deituta daudenez Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak ekitaldia egun bat aurreratzea erabaki du. Ez dira aldatuko lekua eta ordua: Donostiako Illunben ariko dira finalerako sailkatzen diren zortzi bertsolariak, 17:00etan hasita. 

Larunbat honetan hasiko dira final laurdenetarako kanporaketak, Urretxu-Zumarragako Ederrena pilotalekuan, 17:00etan. Saio horretan ariko dira Earra! Bertso eskolako kide Asier Azpiroz eta Beñat Iguaran. Igandean izango da Ane Labaka herritarraren txanda; Errenteriako Fanderia pilotalekuan egingo du kantuan arratsaldeko bostetan hasita.