Euskararen etorkizuna bermatu nahian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 9a, 11:34

Topa Egunari aurre hartuz, mahai ingurua antolatu da urriaren 14an, 18:30ean Villa Mirentxun. Honetan, euskaltzaletasunari buruz mintzatuko dira, 'Berrikasi eta berrikusi' dokumentua oinarri hartuta. Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna Topalabeko kideak eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kidea izango dira mahai inguruan. Gidari Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria izango da.

Euskaltzaleon Topaguneko Topalab taldeak hausnarketa sakon baten ostean, 'Berrikasi eta berrikusi' dokumentua kaleratu zuen maiatzean. 

Honetan, euskaltzaletasunak azken hamarkadetan izan duen garapenaren irakurketa kritiko egiten du taldeak, “ondorioak atera, irakaspenak identifikatu eta estrategiak berrikusteko balioko duena”.

Honela, 1950 urtetik 2013 urtera arteko errepaso bat egiten da eta fase bakoitzeko bereizle edo oztopoak nabarmentzen dira, hala nola, auzolana, alfabetizazioa euskararen politizazioa edo globalizazioa eta beste hizkuntzen eragina.

Hauek kontuan hartuta normalizazioaren bidean, euskararen garapen sozialak beharrezkoak dituen aurre begirako zazpi zutabea ondoriozta-tzen dira hauetako batzuk dira, Hiztun komunitate emantzipatua; Epe luzerako plangintza eta Hizkuntza politika edo Lege-babesa, baliabideak eta erreferentziak.

Topalab

Topalab soziolinguistikaren arloan zeresana duten pertsonak eta euskaltzaleen mugimenduko kide oso hurbileko pertsonek osatzen dute, hala nola, Kike Amonarriz soziolinguista, Julen Arexolaleiba soziolinguista, Mikel Irizar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari ohia, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko egungo lehendakaria, Jasone Mendizabal Euskalzaleen Topaguneko zuzendaria, Jon Sarasua HUHEZIko irakaslea eta Ibon Usarralde soziologoa eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordekidea. 

Taldea 2013. urtean hasi zen lanean Topagunearen ekimenez eta Topagunean dauden kezkak eta mugimendu modura jorra daitezkeen lan-ildoak gogoetekin uztartzen saiatu da. Ekintzarekin batera, pentsamendua eta jakintza berreskuratzea du buruan taldeak eta hortik jaio da 'Berrikasi eta berrikusi' testua.

Honen bitartez eztabaida bultzatu nahi dute. Helburua, euskaltzaleek etorkizuneko erronkak adostu eta komunitate modura garatzeko estrategiak batera martxan jartzea.

 

Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko zuzendari teknikoa

“Euskara praktikatzeko aukera mugatua da”

Pablo Suberbiola lasarteoriatarra izango da mahai inguruko gonbidatua. Soziolinguistika Klusterrean ari da lanean eta Lasarte-Oriako Ttakun euskara elkartearen sorreran parte hartu zuen. Bere esperientzian oinarrituta dokumentuan lantzen diren zenbait punturi buruz galdetu diogu.

Ttakuneko sorreran izan zinen, zer behar zeuzkaten orduan Lasarte-Oriako euskaltzaleek? Asko zegoen egiteko. Zein esparrutan eman ziren lehenengo urratsak?

Ttakun elkartea 1991an sortu zen, duela ia 25 urte. Egiteko… asko zegoen orduan, eta asko dago gaur egun ere; baina zenbait gauza aldatu dira. Pare bat aldaketa nabarmentzekotan, bat izango zen gaur egun orduan baino askoz euskaldun gehiago dagoela herrian. Hau da, euskaldun moduan, gaurko Lasarte-Orian kalean ezezagun bati euskaraz egiten badiozu, askoz aukera gehiago daukazu hark zu ulertzeko. Eta nabarmenduko nukeen beste aldaketa da euskaltzaleen edo euskaldunen arteko giroa, kaleko giroa. Gaur hogei urteko gazte euskaldun bati esaten badiozu beharrezkoa dela lan bat egitea “euskaldunen arteko ezinikusiak gainditzeko” edo “joera ezberdineko euskaldunak elkartzeko” ziurrenik poker aurpegia jarriko dizu, eta zertaz ari zaren ere ez du jakingo. Elkartearen lehen urteetan, aldiz, giroa beste bat zen, eta joera politiko ezberdineko euskaldun guztiak onartuak izango ziren gune edo talde bat sortzea oso garrantzitsua zen; hala ikusten eta bizitzen genuen behintzat, horretan ibili ginenok. Eta hori izan zen hain juxtu Ttakun elkartearen lehen urteetako funtzioetako bat: joera ezberdineko euskaldunak elkarrekin aritzeko moduko eremu bat sortzea. Maila teorikoan “euskaldungoaren konpaktazioa” edo esan izan zaion hori, alegia. 

Auzolanean sortua, borondatezko lana egiten zen orduan, ezta?

Galdera entzunda, uler-tzen dut horretan ere izan dela aldaketarik ordutik hona… Ez dakit gaur egungo dinamika zehazki nolakoa den, baina Ttakun elkartearen lehen urteetako jarduna eta zentzua ezin dira ulertu auzolana eta borondatezko lana presente izan gabe. Langile batzuk ere aritu ginen, gure lanaren zati bat kobratzen genuenak, baina kontratatuta geunden langileen egiteko bat zen, hain zuzen, bolondres aritzen zen jendearen lantaldeak antolatzea, ekintzetarako jendea elkartzea… azken finean, existitzen ez zen harremanen sare bat eraikitzen joatea, ekintzen bitartez. Eta nekez egin daiteke hori jendearen borondatezko lanik eta inplikaziorik gabe.

Egun Soziolinguistika Klusterrean lanean zaude. Giro ez profesional batetik espezializatu batera egin zenuen salto.

Klusterreko lana teknikoagoa da, bai; hizkuntzaren eta gizartearen arteko lotura duten gaietan aritzen gara, batez ere ikerketa eta dibulgazio lanetan. Gure proiektu gehienetan, dena den, ikerketa aplikatua esaten zaiona egiten dugu, hau da, teoria eta praktika lotzen saiatzen gara, eta arazo konkretuei erantzun asmo duten ikerketak egiten ditugu. Alde horretatik, Ttakuneko urteetako esperientzia erreferentzia baliagarria da niretzat gaurko lanean ere. 

Lan ezberdinak egin dituzu Klusterrean, horietako bat Aldahitz dugu. Zertan datza?

Normalean, behin pertsona batekin edo lagun talde batekin harremanerako hizkuntza bat finkatuta duzunean, luzerako izaten da. Kasu batzuetan halere, baldintza batzuk batera gertatzen direnean, harremanerako finkatuta dagoen hizkuntza hori aldatu egin daiteke. Hori da Aldahitz ikerketaren bitartez aztertzen duguna: nolakoak diren prozesu horiek, zein baldintzatan ematen diren, etabar. Eta hori modu bat da halako aldaketak egin nahi dituen talde edo per-tsonari bidea errazteko. 

Horren harira, gero eta euskal hiztun gehiago dago, baina euskararen erabileran ez da antzematen, zeintzuk dira arrazoiak?

Arrazoi ugari daude horren atzean, baina sinplifikatzearren, horietako bat aipatuko dut, txikiena ez dena: egia da gero eta euskaldun gehiago garela, baina hori bezain egia da belaunaldi berrietako euskaldun gehienek, eskola aparte utzita, ikasitako euskara hori egunero euren harremanetan praktikatzeko aukera mugatuak dituztela. 

Soziolinguistika Klusterrak beste eragileekin batera lan egiten du. Zure esperientziatik, elkarlan hori beharrezkoa da euskararen normalkuntzaren bidean? Non eragin behar da gehien?

Euskararen “normalkuntza” aipatzen denean, horren atzean irudikatzen den prozesuak gizarte-aldaketa bat eskatzen du. Eta dimentsio zabaleko gizarte-aldaketa bat gertatzeko, beharrezkoa da agente ezberdinak inplikatzea. Zerbaitetan “eragiteko” modu bat hori da, hain zuzen, erakunde ezberdinak inplikatuta egotea. 

Euskaltzaleen Topaguna osatzen duten euskara elkarteek esperientziak partekatzeko Topa Eguna ospatzen dute. Zer iruditzen zaizu ekimena? Pauso bat al da?

Pauso bat da, bai. Euskara elkarte batean lan egin dugunok badakigu korrontearen kontra egiten den lana dela hori, eta hala ari zarenean normalean ongi etortzen zaizu beste esperientzien berri izatea, beste herrietan nola ari diren jakitea, haiekin elkartzea eta abar. Eta ez da elkartzea bakarrik; jaia ere bada! Eta jairik gabe…, nola ba?!

Zer iruditzen zaizu Lasarte-Orian halako ekimena egitea?

Duela egun batzuk irakurtzen nion Jasone Mendizabali Txintxarrin Lasarte-Orian egindakoa beste herri askorentzat erreferente izan dela. Ohorea da hori guretzat, eta kasu honetan, festarako aitzakia ere bai!