Guztira 12 igerilari ariko dira entrenatzen Logroñon asteburuan, eta horietatik lau Buruntzaldea IKTko kideak izango dira: Mikel Esnal, Itsaso Tolosa, Haitz Mitxelena eta Iñigo Ibarburu. Egunero izango dituzte lan-saioak, lehorrekoak zein uretakoak.
Hasi berria den 2015-2016 denboraldian beste talde batzuetako igerilari batzuekin batera entrenatuko dute Buruntzaldea IKTkoek, euren prestakuntza aberastu eta bultzada bat emateko, Borja Apeztegia prestatzaileak aipatu duenez.
Masterrak lanean
20 urtetik gorako igerilariei, igerilari ohiei, triatletei edo igeriketarekin zerikusia duen edozein kiroli zuzendutako atala da Master deritzona. Joan den astelehenean ekin zioten sasoi berria prestatzeari; helburu nagusia prestaketa da, eta hori behar bezala garatzeko beharrezkoak diren atalak lantzen dira.
Astelehen, asteazken eta ostiraletan burutuko dituzte lan-saioak Master atalekoek, 7:15etik 8:15era goizetan edo bestela 16:15etik 17:15era arratsaldeetan. Kiroldegiko igerilekura joan eta Borja Apeztegiagatik galdetu beharko dute interesa dutenek ordu horietan edo bestela 18:00etatik 21:00etara bitartean.